2.000 kilo elikagai jaso ditu Aita Menni ospitaleak Lesbosera bidaltzeko

Mirari Altube Arrese 2020ko urt. 15a, 08:04
Egoitz Zabala jasotako elikagaiak dituzten kaxen artean. Argazkia: Aita Menni.

Zaporeak gobernuz kanpoko erakundearekin bat egin du Aita Mennik eta abendu eta urtarril artean Greziako Lesbos uharteko errefuxiatuendako laguntza batzen jardun du. Hala, 2.000 kilo elikagai jaso ditu. Era berean, Zaporeak elkartearen materiala salduta 2.000 euro lortu dituzte eta Benito Menni Fundazioak 7.000 euro eman ditu.

Bilketa hiru lekutan egin dute Aita Menniko kideek: Arrasaten, Durangoko Jose Miel Barandiaran egoitzan eta Bilboko Txurdinagako egoitzan. Jasotako hori guztia datozen egunotan bidaliko dute Greziara, eta bidaltze kostuen kargu ere Aita Menni egingo da.

Jasotako erantzunarekin "eskertuta"

Aita Menni ospitaleko elkartasun arduradun den Egoitz Zabala eskertuta agertu da: "Laguntza eman duten guztiak eskertu gura ditut beste urte batez: ospitaleko lankideak, boluntario lanetan jardun dutenak, egoiliarrak eta horien senideak, Ahizpa Ospitalarioen komunitate osoa (Aita Menni bertako kide izanik) eta komunitateko kide izan gabe ere bere laguntzatxoa ematera gerturatu diren norbanakoak. Eta era berezian eskertu gura dut jasotakoa dagokion lekura iristeko Benito Menni Fundazioak emandako laguntza ekonomikoa".

Zaporeak elkartea errefuxiatuen kanpamentuetan egiten dabilen lana eskertu eta txalotu du Zabalak: "Baztertutako pertsonarik ez dagoen mundu bat eraikitzen jarrai dezagun, gerraren ondorioz etxea eta senideak utzi eta inork itsasoratu beharrik izango ez dezan mundu bat hain zuzen ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak