Inbestidura saioan hartu beharreko jarreraren inguruan erabakitzeko bere oinarrien artean egin du galdeketa EH Bilduk; horretarako aukera izan dute urtarrilaren 2aren gauerdian hasi eta gaur eguerdia bitartean.
Parte-hartzea "handia" izan dela, %40,1ekoa, adierazi dute "datak txarrak izan arren eta denbora tarte txikia eman bozkatzeko"; 5.441 lagunek hartu dute parte, modu telematikoan egindako galdeketan. EH Bilduren Mahai Politikoak egindako galdera honako hau izan da: "Ados zaude EH Bilduk Espainiako Kongresuan dituen bost diputatuek abstentzio aktiboaren bidez Pedro Sanchez PSOEko hautagaiaren inbestidura ahalbidetzearekin, Espainiako Gobernuko presidente izan eta Unidas-Podemos alderdiarekin gobernua eratu dezan?". Baietzaren alde jasotako botoak izan dira 4.406 (%81,4) eta ezezkoak 756 (%13,9); boto zuriak, ostera, 249 izan dira (%4,6).
EH Bildu pozik agertu da prozesuarekin, "erabaki garrantzitsuak bere oinarriekin partekatzeko eta barne demokrazian sakontzeko bidean, urrats esanguratsu bat" eman duelako.