Debagoieneko ahotsak '564' doinuarekin bat

Naroa Urien Berrio 2019ko abe. 27a, 14:32
2019ko urtarrileko Orain presoak talde argazkia Arrasaten.

Hertzainak taldearen 564 abestiaren baitan piztu den #246OheHuts ekimenari gero eta musikari gehiago ari zaizkio batzen. Helburua espetxeetara elkartasuna helaraztea da. Euskal Herriko musikari ezberdinek abestia hainbat herriko plazatan zabaldu dute egun hauetan, eta Debagoienan ere hala izango da.

Hertzainak taldeak Amets Prefabrikatuak diskoan 564 abestia kaleratu eta 30 urtera, lanaren letra gaur egunaren isla ere bada. "Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde", Otxandioko plazan, abenduaren 24an, arituko zirela iragarri zuen Josu Zabalak eta herritarrei gerturatzeko deia egin zien, "kanta hau behingoz historiara" pasatzeko desioarekin. Haren atzetik, beste musikari asko batu dira ekimenera. Bergaran abenduaren 24an abestu zuten eta bailarako beste herrietako hitzorduak argitaratu dituzte jada. Debagoieneko abeslariek doinuarekin bat egiteko deia egin dute eta herritarrak beraiekin batera abestera animatu nahi dituzte. 

Hitzorduak herririk herri

Arrasaten abenduaren 31n entzungo da doinua, 19:00etan, Ines Osinaga eta Asier Sala Gose eta The Potes taldeetako abeslariekin. Ttakun txalaparta taldeak ere erritmoa jarriko dio abestiari. Bestalde, Arrasateko herriko plazan, gaur, 19:30ean manifestazioa izango da.

Bergaran abenduaren 29an Seminarixoan elkartasun kultur ekitaldia izango da; poesia, antzerki eta abestiekin. Ondoren, Alex eta Maitane Arteagarekin batera 564 abestia kantatuko da. Abenduaren 31n, bukatzeko, enkartelada eta brindisa egongo da, 19:30ean.

Oñatin gaur materiala saltzeko mahaia jarriko dute: poltsak eta Maritxipiren ipuinak salduko dira bertan. Eta 24 orduko areto futbola egingo da presoen alde. Bukatzeko, abenduaren 31n, 20:00etan, Aitor Uriarte abeslaria izango da San Anton plazan, herritarrekin 564 abesten. 

Aretxabaletan abenduaren 31 mendi martxarekin hasiko dute, Kurtzebarrira igoera egingo da eta argazki erraldoia aterako da bertan. Aretxabaletako mendi taldeak antolatu du mendi martxa, Sareren proposamenari gehituz. Ondoren, Kurtzebarritik plazara jaitsiko dira eta 19:00etan 564 abestia kantatuko dute Kepa Errasti aktorearekin batera.

Eskoriatzan abenduaren 31n txartelak salduko dituzte eta 564 abestia eta brindisa ere egingo dira. Emakumea eta kartzela emakume taldearekin elkar lanean antolatu da ekimena.

Antzuolan urtarrilaren 3an abestuko dute 564 doinua, 19:00etan, Zurrategi plazan.

Urtarrilaren 11n manifestazioa

Ekimen guzti hauek urtarrilaren 11n Bilbon egongo den manifestazio handiaren aurrekarietako batzuk dira. Bilbon 246 euskal presoak Euskal Herrira ekartzea eskatuko da. Horietatik zortzi debagoiendarrak dira: Angel Telleria, Xabin Ugarte, Joseba Arregi, Unai Parot, Iosu Arkauz, Maixol Iparragirre eta Garikoitz Garcia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak