Talde "lehiakorra" izatea da Selekzioaren helburua

Xabier Urtzelai 2019ko abe. 20a, 13:00

Abenduaren 28an jokatuko dute Realak, Alavesek eta Debagoieneko Selekzioak Gabonetako Emakumezkoen Futbol Txapelketa. Iaz, lehenengoz, etxekoek irabazi zuten garaikurra: "Zaila izango da errepikatzea, Realak talde oso ona du".

Hamalau urte behar izan ditu Debagoieneko Selekzioak Gabonetako Emakumezkoen Torneoa irabazteko. Duela urte batzuk amestu ezin zitekeen helburua zen hori, baina iaz, ametsa errealitate bilakatu zuten: "Meritu osoarekin gureganatu genuen txapelketa, bi partiduak irabazi eta neskek sekulako maila erakutsi zutelako, dena egin zuten ondo", adierazi du Selekzioko entrenatzaileetako batek, Manu Diazek.

Hilaren 28an (Ibarra futbol zelaian, 16:30ean hasita) jokatuko duten torneora begira, baina, Diazek garbi dauka iazkoa errepikatzea ez dela batere erraza izango: "Reala Euskal Ligan izugarri ondo dabil, orain arte bost gol baino ez dizkiete egin, eta joan den astean, esaterako, hirugarren dagoen Pauldarrak taldeari 2-9 irabazi zioten. Horrekin batera, iaz taldean izan genituen hainbat jokalari aurten ez ditugu Selekzioan izango, baina, hala ere, oso talde ona osatu dugu. Hala, iazkoa errepikatzea zaila izango dela jakinda ere, seguru egon lehiakorrak izango garela. Uste dut hori izan behar dela gure helburua, Realak badaki iaz zer gertatu zitzaien eta gauzak ondo egitera etorriko dira. Taldea iazko berbera da, baina urtebete helduagoak dira eta aurrerapausoa eman dute. Eta Alaveseko harrobi taldea ere oso talde ona da".

Txapelketa ondo hastea

Realarekin eta Alavesekin alderatuta, Selekzioko jokalariek ez dute normalean elkarrekin jokatzen, baina Diazen ustez hori ez da aparteko arazoa: "Entrenamendu saio bat egingo dugu hilaren 26an (19:00), eta bai, egia da igarri egiten dela jokalari hauek astero-astero ez dutela elkarrekin jokatzen, baina hori ez da arazoa, jokalariek berehala barneratzen dute-eta gure jokatzeko modua".

Hori horrela, entrenatzaile bergararrarendako garbi dago lehenengo partiduak garrantzi handia izango duela: "Torneoa ondo hastea garrantzitsua da, sentsazio onak baldin baditugu eta lehiakorrak bagara errazago egingo dugu dena".

Gaztetxoen partiduak, 29an

Hurrengo egunean, 29an, gainontzeko mailetako txapelketak jokatuko dituzte. Infantil mailakoak lehiatuko dira, lehenik, eta gero, eguerdian, kadeteen txanda izango da. Arratsaldean, azkenik, alebin mailako norgehiagokak jokatuko dituzte. Gipuzkoako talde ezberdinak arituko dira elkarren aurka jokatzen. Reala izango da, eta Valladolideko talde bat.

Bost taldetako jokalariak Selekziorako:

Tito Etxeandiak eta Manu Diazek bost taldetako ordezkariak batuko dituzte Debagoieneko Selekzioan: Bergarakoak, Leintz Arizmendikoak, Leintz Aloñakoak, Racingekoak eta Eibarkoak.

Hautatu dituztenak

• Olatz Alberdi (Bergara)

• Haizea Arriaran (Bergara)

• Ane Vicente (Bergara)

• Jone Jauregi (Bergara)

• Maider Jorge (Bergara)

• Ane Larrañaga (Bergara)

• Naiara Azkarate (Leintz Aloña)

• Olaia Calvo (Leintz Aloña)

• Joana Gorosarri (Leintz Aloña)

• Iraitz Zabala (Leintz Aloña)

• Nerea Arregi (Leintz Aloña)

• Malen Osa (Leintz Aloña)

• Oihane Bengoa (Eibar)

• Naroa Urreta (Eibar)

• Mirian Agirre (Leintz Arizmendi)

• Maialen Esnaola (Santanderko Racing)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak