San Silvestreak, herri eta formatu ezberdinetan

Xabier Urtzelai 2019ko abe. 20a, 18:00

Oñatiko San Sivestre 19 ixa 20 "beteranoarekin" batera debagoiendarrek beste lau San Silvestre izango dituzte aukeran: Eskoriatzan, Aretxabaletan, Arrasateko Musakola auzoan eta Bergaran. Lehenago, baina, Antzuolan San Esteban krosa egingo dute, abenduaren 26an.

Bergaran ibilbide berriarekin

Lasterketaren seigarren edizioa ibilbide erabat ezberdinarekin dator. "Ez du oraingoarekin zerikusirik izango, Bergarako beste auzo batera eramango ditugu-eta korrikalariak, San Migel auzora", diote antolatzaile taldekoek. Distantziari (7 km) eta desnibelari (300 metro) dagokionez, baina, apenas dago aldaketarik: "Herri mailako izaerari eutsi gura izan diogu". Iaz baino 100 lagun gehiago hartuko dituzte aurten: "Bakarkako izen-ematea segituan agortu zen; bikoteka oraindik 20 dortsal inguru geratuko dira. 450 lagunendako tokia dugu, gehienez". Hala, lasterketa aurretik (12:00), aurten hil den Anselmo Gomez taldekidea omenduko dute, eta 11:30ean, San Silvestre Txiki solidarioa ere izango da: "Gaztetxoei proban parte hartzeko eskatuko diegu gozoak ekartzeko, turroiak... Elikadura Bankura eramango ditugu gero".

Eskoriatzan, brindisa eta gero

San Silbestradien 12. edizioa eta Manuel Muñozen 9. Milia. 11:00etan hasita haurrendako lasterketak egingo dituzte. Gero, 17:30ean, korrikalariek xanpainarekin brindisa egingo dute, eta 18:00etan hasiko da proba. Mozorro onenak saria izango du.

Aretxabaletan ere, jai giroan

Antolatzaileek dei egin dute mozorrotuta korrika egiteko: 16:45ean, umeen lasterketa izango da; eta 17:00etan, helduena. Durana kalean hasi eta amaituko da lasterketa.

Musakolakoa, bigarrena

Arrasaten goizean egingo dute San Silvestre lasterketa, Musakola auzoan. 12:00etan abiatuko da 5,2 kilometroko proba, Legarra plazatik. Egunean bertan eman beharko da izena, doan. 16 urtetik gorako herritarrek eman ahal izango dute izena, 11:00etatik aurrera. Horretarako mahaia Legarra plazan egongo da, Ziar-Ola elkartearen ondoan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak