Gipuzkoako Emakume Enpresari, Profesional eta Zuzendarien Elkarteak, ASPEGIk, jasoko du aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen maila goreneko aitortza: Gipuzkoako Urrezko Plaka. Aldunditik azaldu dutenez, elkarteak emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren alde alor ekonomikoan egin duen lana aitortu nahi izan dute. "Aldundiak aitortu behar du ASPEGIk gure lurraldearen garapenaren alde egindako lana, enpresen efikazia eta eraginkortasuna bultzatuz", azaldu dute.
ASPEGIko lehendakariak, Nerea Ibañezek, GOIENARI azaldu dionez, "errekonozimendu hau elkartetik haratago doa, Gipuzkoako emakume langile guztiengana heltzen da". Eta gaineratu du "izugarri pozik" daudela orain artean egindako lana saritua izango delako. Bere aburuz, sariak berdintasunerantz bidea egiten jarraitzeko balioko du, batez ere, arlo "ekonomiko" eta "enpresarialari" dagokionez.
650 bazkide
Elkartea sei pertsonaren artean sortu zuten arren –1998an–, 650 bazkidek baino gehiagok osatzen dute egun; tartean, zenbait Debagoiendarrek. "Gipuzkoako elkartea izanik, baditugu bazkideak Debagoienean", azaldu du Ibañezek. Are gehiago, bailaran emakume enpresariek "errepresentazio handia" dutela nabarmendu du. Aitortu duenez, orain urte batzuk, Garaia Parke Teknologikora gonbidatu zuten hitzaldi bat ematera, eta bertan, bailarako emakume enpresari, profesional eta zuzendariekin "topo" egiteko aukera izan zuen. "Gogoan dut ezagutu nituen emakumeek sekulako lana egiten zutela egunerokoan", dio.