'First Lego League Euskadi'-ko finala Arrasaten jokatuko dute, besteak beste

Eneko Azurmendi Barrena 2019ko abe. 13a, 11:38

11. edizioa jokatzen ari dira aurten eta horren baitan, Arrasateko AHTren lanak ikusten egon dira 20 ikasle inguru. Otsailaren 8an izango da finala, lehen aldiz, hiru lekutan jokatuko dutena: Donostian, Bilbon eta Arrasaten.

Euskal ikasleek Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanak ikusi dituzte gaur Arrasaten, Dragadosen eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren eskutik. Gaztelueta Ikastetxeko (Leioa) eta Coterón Rasinas Familia Taldeko hogeiren bat gazte izan dira, First Lego League Euskadi hezkuntza-programan parte hartzen ari direnak.

Proiektuan diharduten profesionalak ezagutu dituzte bisitan, eta hauek AHT zer den eta honen ezaugarri teknikoak azaldu dizkiete "iraunkortasun, energia-efizientzia eta segurtasunaren aldetik". Halaber, "saioa aukera ona izan da ikasleak harremanetan jartzeko sektorean beren karrera profesionala egiten ari diren emakumeekin".

Saio hau Innobasquek First Lego League Euskadi-ren esparruan antolatzen duen prestakuntza-programa oso batean sartzen da, eta antolatzaileen esanetan, helburua da parte hartzen duten taldeei ezagutzen laguntzea zer egiten den Euskadin, hiri adimendunen eremuan, lan egin eta bizitzeko inguruneak hobetzeko, "hauxe baita aurten First Lego League-en erronka tematikoa mundu osoan". Guztira 38 prestakuntza-saio antolatu dituzte eta hauetan 1.100 postu baino gehiago eskaini.

Arrasate, finalaren egoitzetako bat

Sei hilabeteko programa honen finala otsailaren 8an jokatuko dute, eta lehen aldiz hiru lekutan izango da, Deustu-Bilbon, Donostian eta Arrasaten, Deustuko Unibertsitatearen, Donostia Sustapenaren eta Mondragon Unibertsitatearen parte-hartzeari esker.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak