Gipuzkoak irabazi du Bergara Hiria eskubaloi txapelketa

Mireia Bikuña 2019ko abe. 8a, 14:48

Kadete mailako Gipuzkoako selekzioa.

Errioxaren eta Debagoienaren kontrako bi partidua irabazi ditu, 19-18 eta 22-12, hurrenez hurren. Bigarren sailkatua Debagoiena izan da, eta hirugarren, Errioxa. Txapelketako jokalari onenaren saria June Beitia oñatiarrak jaso du.

Iazko harreraren ostean, bigarrengoz egin dute kadete mailako txapelketa. Hiruko txapelketa izan da. Lehia bakoitzak 20 minutuko bi zati eduki ditu. Lehen norgehiagokan Gipuzkoak eta Debagoienak neurtu dituzte indarrak. Lehen zatia oso parekatua izan da, eta minuturik gehienetan berdinduta ibili dira. Bada, bigarren zatian, Gipuzkoak erakutsi du maila bat gorago zegoela, eta errenta handiarekin irabazi du partidua: 22-12.

Bigarren lehian Errioxa eta Gipuzkoa egon dira aurrez aurre. Bi taldeen arteko ezberdintasunak handiak izan arren, bai jokalarien maila aldetik, baita erakutsitako jokoarengatik, partiduaren azken minutuetan estutu egin dute errioxarrek, eta 18na berdintzea ere lortu dute. Azken jaurtiketarekin irabazi dute lehia gipuzkoarrek. Lehia, eta txapelketa.

Hortaz, hirugarren partidua ez da erabakigarria izan txapelketa nork irabaziko zuen zehazteko, baina bai, bigarren eta hirugarren lekuak nola geratuko ziren jakiteko. Eta lehia horretan emozioa izan da nagusi. Bailarako selekzioak agindu eta kontrolatu du partidua minuturik gehienetan, baina azken jaurtiketarekin berdinketa lortu du Errioxak. Hortaz, penalti jaurtiketatan erabaki da bigarren lekua. Hiru penalti bota behar izan dituzte. Bailarako selekzioak botatako biak sartu ditu. Errioxaren lehen penaltia gelditu egin du Uxue Oses atezainak, eta bigarrena kanpora joan da.

 

Bailarako jokalariak

Debagoieneko selekzioa Arrasateko, Bergarako eta Aloña Mendiko jokalariak osatu dute. Hauek izan dira: Aloñako jokalari Valeria Garcia, June Beitia, Maren Irazabal, Olaia Kortabarria, Uxue Oses, Izar Bikuña, Ane Murguzur, Nahia Guridi eta Leire Murgiondo; Arrasateko Amaiur Retegi, Ane Axpe eta Garazi Aranguren; eta Bergarako jokalari Itsaso Villar, Elene Madina, Maite Iñarra eta Maren Igartza. Entrenatzaile lanak egin dituzte Arrasateko Jon Urrutiak, Bergarako Ruiz de la Cuestak eta Oñatiko Iñaki Canterok.

Baina, horiek ez dira izan bailarako ordezkari bakarrak. Izan ere, Aloña Mendiko bi jokalarik Gipuzkoako elastikoarekin jokatu dute: Maider Molinero eta Maialen Guridi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak