Etxeko partiduetan talde sendoa da Bergara. Aldiz, Leintz Arizmendi, partidurik galdu ez duen lider sendoa. Bi osagai horiek koktelera batean sartuta, atzoko moduko partiduak ematen ditu: borrokatuak, intentsuak, joko gutxikoak... Detaile txikietan erabakitzen diren horietakoak, alegia. Eta hala izan da. Bereziki lehenengo gola izanda erabakigarria. Aldageletatik bueltan, 49. minutuan, penalti adierazi du epaileak arrasatearren alde, Bergarako defentsak baloia eskuarekin ukitu duelako. Jaurtiketa atezainak geratu du, baina aldaratzea aprobetxatu du Ainhoa Iturriotzek gola sartzeko. "Lasaitu ederra hartu dugu gol horrekin. Partidua beste modu batera begiratzeko balio izan digu", esan du bukaeran Lide Zubiaga jokalariak.
Golaren ostean, Bergarak ez du etsi. "Aupa, neskak, aterako da" oihu egin die Mariñe Diaz kapitainak. Atzeko lerroan sendo egonez, baloi luzeak topatzen ahalegindu dira. Baina, Leintz Arizmendi sendo egon da minutu guztietan. Eta izan duen gol aukera bakarrean bigarrena sartu du, lehia erabakita utzita. 79. minutuan sartu du gola Lore Etxeandiak.
Bigarren itzulia
Abenduaren 15ean jokatuko dute lehen itzuliko azken norgehiagoka, eta ostean, Gabonetako oporrak hartuko dituzte. Egun horiak aprobetxatuko dituzte bigarren itzulia antolatzeko. "Egia esan oporrak eta lehen itzuliaren bukaera batera tokatu dira, eta horrek aukera emango ditu lehen balorazioa egiteko. Dagoeneko talde guztiak ezagutzen ditugu, eta zehaztu beharko dugu nola antolatu bigarren itzulia. Oraingoz oso pozik gaude egin dugunarekin", esan du bukaeran Bergarako Lander Ugartek.
Leintz Arizmendik lehen postuan, lidergoan, joango da oporretara. "Beti da errazagoa gainerako talde guztiak atzean daudenean, baina ezin gara erlaxatu. Txapelketa oso luzea da oraindik eta %100 eman beharko dugu partidu guztietan", esan du Zubiagak.