Ruper Ordorika: "Taldearen nortasuna zehatz erakusten du"

Beñat Alberdi Igartua 2019ko abe. 6a, 12:40
Ruper Ordorika, argitaratu berri duen zuzeneko lanarekin. (Argazkia: Elkar)

Hirugarren zuzeneko lana kaleratu du abeslari oñatiarrak, Gaur hamar t'erdietan Kafe Antzokian izenekoa. Azken lanetako abestiekin eta zaharrekin osatu du bilduma.

Bakarlari gisa aurretik hogei disko zeuzkan bizkarrean Ruper Ordorikak. Azken zuzeneko lan honekin, 21 izango ditu, Hiru Truku taldearenak kontuan hartu gabe. Baina Gaur hamar t'erdietan Kafe Antzokian albumak beste errekor bat apurtzen du; izan ere, ez da ohikoena artista batek leku berean, hau da, Bilboko Kafe Antzokian, grabatuta, hiru zuzeneko disko izatea.

Antzokia, toki "kuttuna"

Ez dago ziur musikari oñatiarra toki sinboliko izena jarriko liokeen Bizkaiko hiriburuko aretoari; bai, ordea, berezi etiketa, behintzat: "Orain dela 24 urte inauguratu zenetik, urtero-urtero jo izan dugu bertan, aldi batez, gutxienez, eta urteak joan ahala abenduko kontzertuak gero eta oihartzun handiagoa bildu du". Zuzenekoaren antolatzaileen "babesa" hasieratik jaso dutela gaineratu du Ordorikak, eta, askotan, babes hori izaten dela hasieratik behar izaten dutena. Izan ere, 35-40 kontzertu eskaini dituztela bertan esan zuen musikariak Gaur hamar t'erdietan Kafe Antzokian-en aurkezpenean. Ia tradizio bihurtu dute Gabonetako ekitaldi hori, eta bertan grabatutako soinuekin osatu dute azkeneko bilduma.

Taldeak musikari oñatiarraren izena daukan arren, hamaika urte daramatzate elkarrekin laukotea osatzen Arkaitz Miner gitarristak, Lutxo Neira baxujotzaileak, Hasier Oleaga bateria-jotzaileak eta Ordorikak. Oraingoan, David Soler gitarristaren laguntza ere izan dute. Elkarrekin egindako ibilbidearen uzta jasotzen saiatu dira; beraz, kantu sorta ez zuten falta. Zuzenean 25 kantu jo zituzten, eta hamalau aukeratu dituzte diskoan sartzeko. "Lehenengo aukeraketa egina geneukan, ez genuen aurreko zuzenekoetan agertutako kanturik errepikatu gura", azaldu du Ordorikak. Kurioski, grabazioa egin eta gero, taldekide bakoitzak osatu zuen bere kantu hautaketa, ondoan zeukanak ezer jakin gabe. Horrela aukeratu zituzten albuma osatzen duten hamalau abestiak.

Hirugarren zuzenekoa

"Gustura gaude; zuzeneko indarra du, baina soinu aldetik ere ondo jasota dago"

Emaitzarekin gustura gelditu direla nabarmendu du oñatiarrak: "Talde honen nortasuna zehatz erakusten du disko honek, hala uste dut, eta, gainera, soinu onarekin. Zuzeneko indarra, bai, baina ondo jasota". Azken lanetako kantuak eta zaharragoak nahastu dituzte: Egia da, Bizitza eder denean, Zure etxera noa, Esan gabeko arrazoia, Zerutik gertu ez da egoten, Hargiñenean, Lera zakurren balada, Hemen nago, Ahots urrunak, Belauniko, Nirekin geratu, Beltzarana eta Ez da posible. Garai ezberdinetakoak dira, eta guztiak aurrez argitaratutako zuzeneko lanetan argitaratu bakoak.

Hiru Truku taldeari ere egin diote tokia, azken emanaldietan sartu izan duten Zazpi nobio kantuarekin. "Ez nuen uste kantutegi zaharreko alerik ganoraz jotzeko moduko taldea ginenik, gure tresna elektriko horiekin, baina hasieratik sentitu genuen kantua xamur sartzen zela", argitu du Ordorikak. Era berean, zehaztu du, kantuak berak "grazia" daukala.

Aurreko zuzenekoak

2000. urtean kaleratu zuen lehenengo zuzeneko lana, Elkar izenekoa, eta 2008an bigarrena, Hamar t’erdietan izenburuarekin. Aurreko diskoetako esperientziak balio izan die azken lan honetarako. Dena den, lan batetik bestera taldeak ere izan ditu bere aldaketak; hots, taldekideak aldatu egiten dira, eta aldaketa horiek musikan daukaten eragina nabarmendu zuen bakarlariak aurkezpenean. "Talde bakoitzak bere nortasuna dauka eta kantuak aldatzen ibiltzen dira, bere ñabardurekin edo osoki".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak