Bergarari kosta egin zitzaion ligari neurria hartzea. Lehenengo hiru partiduetan ezinean ibili ziren, aldaketetara egokitu beharra zegoen. "Entrenatzaile berria, hamar jokalari berri... Aldaketa handiak izan zituen taldeak", dio talde mahoneroko entrenatzaile Lander Ugartek. Nire kasuan, esaterako, hainbat urtez gizonezkoen taldeak entrenatzen ibili eta gero lehenengoz nabil emakumezkoekin, eta bai, hasierako jardunaldi horietan emaitzak ez ziren nahi modukoak izan".
Bergarak, baina, segituan heldu zion martxa onari, eta ondorengo zortzi partiduetatik zazpi irabazi egin ditu: "Bai, oso gustura nago taldearen errendimenduarekin. Etxean oso indartsu bilakatu gara eta garbi daukagu zein den gure jokatzeko modua. Gure jokoa zuzena da, aurrean kalitatea dugu eta baloi geldiko jokaldietan min egiten saiatzen gara; defentsan, berriz, sendo egoten ahalegintzen gara. Akaso, ez da izango jokatzeko modurik ikusgarriena, baina orain arte emaitza onak batu ditugu horrela eta ez dugu ikusten aldaketarik egiteko beharrik".
Leintz Arizmendi, lider sendo
Bergarakoek, baina, badakite egubakoitzean aurrean izango duten kontrarioa ez dela nolanahikoa, Leintz Arizmendik ez du-eta oraindik partidurik galdu. "Ondo gabiltza, zenbakiek hori diote, eta, zorionez, ez dugu min hartutako jokalaririk; horrenbestez, eskura ditudan jokalari guztiekin joango gara Bergarara", dio Andoni Ezkurrak. Azken batean, eta Bergarako jokalariak alde batera utzita, Leintz Arizmendin Debagoieneko selekzio modukoa sortu dute, eta ligako oilar bilakatu dira: "Aurreko asteko Urolaren kontrako garaipena garrantzitsua izan zen; ea Gabonak arte abantaila honi eusten diogun".
Entrenatzaileek horrela ikusten dute kontrarioa:
Lander Ugarte, Bergarako entrenatzailea: "Leintz Arizmendi koska bat gorago dago".
"Lehen talde ona bazuten, Aloña Mendiko jokalari onenak taldera batu zaizkie, eta orain momentuan koska bat gorago dagoen taldea dela esango nuke. Kategoriaz igotzeko hautagai nagusia da, inolako zalantza barik, talde indartsuen kontra ere jokatu dutelako eta euren kontra ere irabazi egin dutelako. Oraindik ez dute partidurik galdu, datu horrek uste dut dena esaten duela. Oso partidu ona egiten ez dutenean ere, oso maila oneko jokalariei esker norgehiagoka erabakitzeko kapaz dira".
Andoni Ezkurra, Leintz Arizmendiko entrenatzailea: "Bergarak puntu gutxi oparituko ditu Ipintzan".
"Kosta egingo zaigu Bergaran irabaztea, ez daukat inolako zalantzarik. Oraindik ez dute etxean norgehiagokarik galdu; izan ere, Ipintza oso ezaugarri bereziak dituen zelaia da: estua, txikia... Eta berdegune horri Bergarako taldeak sekulako errendimendua ateratzen dio. Ez dut uste partidua apurtuko denik, lehenengo gola egiten duenak aurrerapauso handia emango duela uste dut. Maila oneko jokalariak dituzte aurrean, baina ez dute borroka saihesten, gogorrak dira".