Gabonetarako jostailu berriak biltzeko laguntza eskatu du Gurutze Gorriak

Maialen Santos 2019ko abe. 5a, 10:51

Gurutze Gorriak iaz egindako jostailu bilketa.

Gabonak iristear direla eta, Debagoieneko Gurutze Gorria hasia da dagoeneko Jostailu hezitzaileak izeneko kanpaina aurrera eramaten. Etzi, zapatua egingo dute hurrengo bilketa, Arrasateko Eroskin. 

Jostailuak "eskura" ez dituzten haurrei laguntza emateko asmoz, jostailu berrien bilketa egiten ari dira egunotan, eta horretarako herritarren eta bestelako erakundeen laguntza behar dutela azaldu du Gurutze Gorriak. "Jostailua haurren garapenerako beharrezkoa den elementu bat izan arren, gaur egun, tamalez, eskubide hau ez dago haur guztien esku".

Hurrengo bilketa, etzi

Orain arte jostailuak biltzen aritu diren arren, gehiago biltzen jarraitu gura dute datozen egunetan, jendea oraindik ez delako "mugitzen" hasi, Gabonetako erosketak egiten hasteko "goiz" delako. Arrazoi horregatik, datozen egunetan jostailuak biltzen jarraitzea espero dute. Hain zuzen, etzi, zapatua, izango dute debagoiendarrek bilketa horretan parte hartzeko hurrengo aukera, Arrasateko Eroskin izango baitira Gurutze Gorrikoak, eurek azaldu moduan: "Debagoieneko gizarte bazterkeria arriskuan aurkitu daitezkeen 0 eta 12 urte bitarteko haurrentzat arituko gara jostailuak jasotzen". Bete beharreko baldintza bakarra jostailuak berriak izan daitezen da.

Etzi ez ezik, datorren zapatuan ere leku berean izango dira, bilketarekin jarraitzea helburu. Kanpainak iraun bitartean, hiru modutara lagundu ahal izango da, gainera, jostailu berriak erosi eta emateaz gain, jostailutxekeak erosteko aukera ere badago eta. Hala, modu horretako laguntza eman nahi duenak 5, 10 edo 20 euroko txekeak erosi ditzake Eroskin bertan jarriko duten postutxoan, eta ondoren, Gurutze Gorria arduratuko da bildutako diru kopuruarekin "beharrezkoak" diren opariak erosteaz. Azkenik, ekonomikoki laguntzeko beste bide bat ere ahalbidetu dute. Laboral Kutxako ES22 3035 0001 51 0010018156 zenbakian norberak nahi duen diru kopurua sar dezake; horretarako, kontzeptuan JOSTAILUA 2019 jarrita.

250 haurrentzako laguntza

Gurutze Gorriak jakinarazi dutenez, aurten Debagoieneko 250 haurrek eskatu dute jostailu berri bat. "Gizarte Zerbitzuek ematen digute informazioa, beraiek baitira familien eskaerak jasotzearen arduradunak".

Iaz egindako jostailu berrien bilketak arrakasta handia izan zuen. "Debagoieneko 199 haurren ametsak betetzeko nahiko jostailu batu genituen", diote.

Gabonetan haurrik jostailurik gabe gera ez dadin, proiektuan parte hartzera animatu nahi dute jendea. Diotenez, guztion "eskuzabaltasuna" beharrezkoa dute eskubideen aldeko borrokan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak