Lider garaitezin jarraitzen du Leintz Arizmendik Urola mendean hartuta

Mirari Altube Arrese 2019ko abe. 1a, 13:00

Sailkapenean bigarren dagoen Urola hartu zuen atzo Leintz Arizmendik, Mojategin. Lehen zati biribila egin eta bi gol aurretik joan arren atsedenaldira, bigarrenean hortzak estutu behar izan zituzten irabazteko, baita lortu ere, 3 eta 2.

Partiduari hasiera ezin hobea eman zioten etxekoek, baloia kontrolpean izanik eta partiduan bete-betean sartuta. Hala, 20. minuturako 2 eta 0 irabazten zihoazen, Maider Isasmendik eta Lore Etxeandiak egindako golei esker. Atsedenaldira iritsi aurretik hirugarrena egiteko aparteko aukera izan zuten, baina baloiak zutoina jo zuen. 

Bigarren zatian, ostera, ez ziren argi zelairatu eta hamargarren minuturako bi gol egin zizkien Urolak, hegaletik egindako bi jokaldi azkarretan, hain zuzen ere. Horri buelta eman nahirik jardun zuten ondoren, eta hamar minuturen faltan Maren Lezeta gaztetxoak egindako golak eman zien garaipena. "Halako mailetan despistatuta zelairatuz gero aurkariak min handia egin dezake eta horixe gertatu zaigu", azaldu du Andoni Ezkurra entrenatzaileak.

Lider jarraitzen du Debagoieneko taldeak partidurik galdu barik –hamaikatik hamar irabazita, eta bakarra berdinduta–. Lider direla gehiegi pentsatu barik dabiltzala aurrera egiten adierazi du Ezkurrak: "Partidutik partidura gabiltza, eta ondo egindako lanaren saria jaso dugu orain arte. Pozik gaude egindakoaz, horixe; iazko laugarren postua hobetzea genuen helburu eta horretan dihardugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak