Agurra baino gehiago, ospakizuna izango da

Xabier Urtzelai 2019ko aza. 29a, 16:00
Aitor mendizabal, aste barruan Antzuolan

Zortzi urtez Aspeko pilotaria izan denak herrikideen babesa izango du bihar, zapatua, agur partiduan, Eibarko Astelenan (17:00). Ehun sarrera gorde dituzte herritik joango diren zaleendako. Astelehenean, 'Harmailatik' saioan egongo da antzuolarra.

Asteburu berezia izango da Aitor Mendizabalendako (Antzuola, 1983). Berezia eta emozioz betetakoa, zortzi urtez Aspeko pilotaria izan eta gero Eibarko enpresarekin azken partidua jokatuko du eta. Xabier Tolosarekin batera osatuko du bikotea, eta Julen Retegi eta Iñigo Bikuña izango ditu aurrean.

Eta partidu berezi horretan ondoan izango ditu gertukoak, Antzuolako zale asko izango dira-eta harmailetan: "Enpresak hiruzpalau egun ezberdinen artean aukeratzeko esan zidan, eta gauza asko izan nituen kontuan; zapatuan San Andres eguna da Eibarren eta giro polita izango da, Astelena frontoi berezia da, jokaleku ederra; gainera, Antzuolatik gertu dago Eibar, eta urte hauetan jarraitu nauten zaleak pilotalekuan izango dira". Aspe enpresaren erabakiaren aurrean, Antzuolakoak aitortu du lehenbailehen agurtu gura zuela: "Ez nuen denbora asko jokatu barik egon nahi".

Ospakizun moduan hartuko du

Albiste txarra barneratu eta gero, Mendizabal III.ak ospakizun moduan hartuko du eguna: "Mentalizatuta nago zapaturako, baina momentu berezia izango da, zalantza barik. Jende asko joango da Antzuolatik eta ospakizun modura hartuko dut eguna; gozatzea, hori da asmoa". Eibarko agurra ez du berehalakoan ahaztuko, baina ondoren Antzuolan izango du jarraipena: "Elkarte batera joango gara lagunartean, elkarrekin afalduko dugu eta horrela emango diogu amaiera egunari". Bada, pilotari antzuolarra Goiena Telebistako Harmailatik saioan izango da astelehenean (21:30), eta Puntua-n elkarrizketa egingo diote datorren astean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak