Leintz Arizmendi menderaezin dabil

Xabier Urtzelai 2019ko aza. 29a, 18:00

Ohorezko erregional mailan lider dira, jokatutako bederatzi partiduetatik zortzi irabazi eta gero. "Oñatiarrak batu zaizkigu aurten taldera, eta sendotasuna eman digu horrek", dio Andoni Ezkurrak. Bigarren dagoen Urolaren bisita izango dute.

Emakumezkoen ohorezko erregional mailan, Leintz Arizmendik, oraingoz, ez du kontrariorik: "Lehenengo itzulia amaitzeko hiru jardunaldi geratzen dira, baina geratzen zaizkigun partiduak kontrario gogorren kontra ditugu; hala, lehenengo itzuliaren amaieran, Gabonetan, ikusiko dugu non dagoen talde bakoitza", dio Andoni Ezkurra entrenatzaileak: "Iaz moduan, aurten ere aurrealdean ibiltzea da helburua. Lau onenen artean egon gura genuen liga hasieran, baina egia da iaz baino hobeto gabiltzala".

Izan ere, iaz, Realaren eta Eibarren atzetik egon ziren debagoiendarrak. "Bi talde horiek, baina, gora igo dira. Reala zuzenean igo zen gora, liga irabazi zuelako. Eta Eibarrek, ligan bigarren sailkatu eta gero, bizkaitarren eta arabarren kontra hiruko torneoa irabazi zuen eta eurak ere mailaz igo ziren. Hala, bi talde horiek hutsunearen ondoren, Leintzekoak kategoriako oilar bilakatu dira. "Tolosaren kontrako partiduan berdindu egin genuen, eta, egia esan, gehiago merezi izan genuela uste dut, baina partidu bakoitza mundu bat da". Hala, debagoiendarrek zapatuan bigarren postuan dagoen Urolaren bisita izango dute: "Iaz sailkapenaren atzealdean egon ziren, baina taldea indartu dute eta aurten ondo dabiltza. Kategoria honek hori du, urte batetik bestera taldeak asko alda daitezkeela, eta bizpahiru jokalari erabakigarriak izan daitezkeela".

Bergara, atzetik aurrera

Liga makal hasi eta gero –berdinketa bat eta bi porrot–, kategoria horretako ibarreko beste taldea, Bergara, oso ondo dabil. Azken zazpi partiduetatik sei irabazi dituzte, eta horri esker sailkapenean geroago eta aurrerago daude –joan den astean 4-0 irabazi zieten Itxaudikoei. Asteburuan, berriz, Hernanin jokatuko dute, sailkapenean atzerago dagoen taldearen kontra. Hala, datorren asteburuan, abenduko zubian, debagoiendarren arteko derbia izango da Ipintzan. Asteburu berezia denez, baina, oraindik ez dute ordutegia zehaztu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak