2020ko Hawaiiko ironman probarako sailkatzearekin konformatu ez, eta urriaren 27an Eivissan egindako Espainiako taldekako triatloi txapelketan –half kategorian– parte hartu ondoren, Mikel Mujikak denboraldia luzatzea erabaki zuen: "Iaz ere halaxe egin nuen, baina Eivissako lasterketa egin arte ez nuen erabaki hori hartzeko asmorik. Eivissan, baina, oso lasterketa txukuna egin genuen, ondo sentitu nintzen eta pena ematen zidan oraindik sasoian nengoela ikusita denboraldia amaitutzat emateak".
Hala, Bergarakoak BehobiaDonostia lasterketan esku hartu zuen, eta bertan erabaki zuen bi aste geroago egin behar zuten Donostiako maratoian esku hartzea: "Azken batean, etxerako lanak eginda nituen, kalitatezko entrenamendu saioak pilatuta nituen denboraldian zehar, eta azken bi aste horietan ahalegindu nintzen, bereziki, asteburuetan, korrikaldi luzeak egiten".
Hamaika minutu hobeto
Bergarakoak joan den urtean egin zuen lehenengoz maratoiko distantzia, eta Donostiako proba aukeratu zuen horretarako: "Ironman proba egin aurretik, maratoi bat zer zen ikusi gura nuen, eta 2.42ko denbora egin nuen". Aurten, berriz, 11 minutu ondu du iazko marka (2.31.27): "Ez nuen halakorik espero, eta, entrenatzailearekin berba eginda, gure aurreikuspenetan ez zegoen abiadura horretan lasterketa egitea –kilometroa 3.35era egin zuen–.
Lasterketa hastearekin batera, Mujika hamabi lagunek osatutako taldean sartu zen; lagun batekin hitzartuta zuten erbilanak egingo zituela 25. kilometroraino: "Ondoren, erreleboetan bikain konpondu ginen gure artean, eta azken hamar kilometroetan, ondo nengoela ikusita, erritmoa bizitu eta talde horretatik aurrera egin nuen. Gauza ederra izan zen 12. postuan helmugaratzea".
Bergararrak gabonak bitartean atseden hartzeko asmoa du, datorren urtera begira indarrak errekuperatu behar dituelako. Izan ere, 2020ko Hawaiiko ironman probarako txartela dauka.