Zapatu negargarria etxeko taldeendako; Leintz Arizmendi da salbuespena

Xabier Urtzelai 2019ko aza. 24a, 11:18

Atzo, zapatua, Eztalan Antzuolan eta Billabonak jokatutako partiduko une bat.

Euripean talde debagoiendarrak ez ziren atzo, zapatua, ondo modaltu. Erregional preferentean galdu egin zuten Antzuolak (1-3) eta Aloña Mendik (2-1) eta Ohorezko erregional mailan, etxetik kanpo esku hutsik etorri ziren Mondra (1-0) eta Bergara (1-0). Leintz Arizmendiko neskak dira salbuespena, sendo jarraitzen dute lider.

Erregional preferentean, Eztalan, atzo arratsaldean euria egin bazuen ere eguraldia ez zen aitzakia izan: "Hasieratik jarri zitzaigun partidua aldapa gora, Billabonak segituan egin zuen-eta 0-1ekoa. Jokaldi eztabaidagarria izan zen, marrazainak jokoz kanpokoa adierazi zuelako, baina epaileak jokaldia ontzat eman zuelako. Tira, konturatu orduko markagailuan atzetik. Ondoren 0-2koa egin zuten baina partidua berdintzeko aukerak izan genituen. 1-2koarekin tartea txikitu genuen, hor izan genuen 2-2koa egiteko aukera, baina azkenean eurek egin ziguten hirugarrena", adierazi du Ibai Zabalok.

Ezustekoa: Aloña Mendik Orion galdu

Atzo seguru Orioko futbol zelaian ez zela giro izango. Euria eta haize zakarra, baldintza horiekin ez da erraza izaten zelai horretan jokatzea. Kontua da oriotarrek ligako lehenengo garaipena eskuratu zutela atzo, zeinen eta ligako liderretako baten kontra. Orain lider denak, Beasainek, arnasa hartuko zuen oñatiarren emaitza txarra ikusita, baina datorren astean Azkoagainera etorri behar dute; hortxe dute oñatiarrek hankasartzeari buelta emateko aukera ona.

Maila berean, Aretxabaletako bigarren taldeak ere galdu egin zuen Soraluzen (1-0), eta Mondrako bigarren taldeak gaur, domeka, jokatuko du Mojategin Ikasberriren kontra (18:30).

Bergara eta Mondra, esku hutsik

Ohorezko erregionalean, berriz, Bergarak eta Mondrak ez diote joan den asteko emaitza onari jaraipenik eman. Hernanin arrasatearrek 1-0 galdu zuten, eta bergararrek emaitza bera batu zuten Mutrikun. Aretxabaletak, berriz, Beti Gazte hartuko du gaur Ibarran, 16:30ean.   

Leintz Arizmendik sendo jarraitzen du

Emakumezkoen ohorezko erregional mailan, berriz, Leintz Arizmendik sendo jarraitzen du atzo Añorgan 1-3 irabazi eta gero. Bergarako neskek, berriz, gaur, domeka, jokatuko dute, 16:00etan Ipintzan, Intxaurdiren kontra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak