Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko konpromisorako eguna

Maialen Santos 2019ko aza. 25a, 09:10

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, azaroaren 25a, eta egunaren harira, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko konpromisoa agertu du Eudelek, Euskadiko Udalen Elkarteak. Debagoieneko udal askok egin dute bat horrekin, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte, baita feministen elkarteek ere. 

"Berresten dugu beharrezkoa dela ekintzak proposatzea esku-hartzearen alor guztietan: prebentzioa, hautematea, arreta, babesa, koordinazioa eta justizia", adierazi du Euskadiko Udalen Elkarteak. Horretaz gain, biktimei eta bizirik atera diren pertsonei "erreparazioa" ematean arreta jarri behar dela uste dute.

"Biktimei erreparazioarako, eskubide-urraketa bizi aurreko egoerara lehengoratzeko beharrezkoak diren ekinzak martxan jarri behar dira". Horretarako, diote, biktimen bizi-baldintzak "funtsean" hobetu behar direla, urratutako eskubideengatik erreparazioa jasota eta eragindako minetik berrezarrita. Hain zuzen, erreparaziorako, tokiko erakundeen esku-hartzea beharrezkoa dela uste dute.

Tokiko ekintzen gida, laster

Horretaz gain, indarkeria matxistaren biktimei erreparaziorako tokiko ekintzen gida bat prestatzeko "lanean" ari direla iragarri dute, tokiko erakundeek indarkeria matxistaren biktimek ordaina jasotzeko duten eskubidea praktikan jarri dezaten.

Finean, konpromiso politikoak betetzeko jardun nahi du Eudelek, eta, horren bidez, indarkeria matxistaren modu guztiak "desagerrarazten lagundu" nahi dutela adierazi dute, irmo.

Puntu lila erabiltzeko deia

Azaroaren 25 ospatzeko herritarrek puntu lila erabili dezaten dei egin dute instituzioetatik, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako sinboloa baita hori. Elkartetik azaldu moduan, sinboloa publikoki erakusteak berarekin dakar emakume eta gizonen arteko "berdintasun eza" oinarri duen era honetako indarkeriaren kontrako "konpromiso aktiboa".

Debagoienean antolatutako ekintzak

Hona hemen Azaroaren 25erako deitutako ekitaldiak:

Antzuola

  • 12:00 eta 19:00, Elkarretaratzeak, Herriko Plazan. Ekimen bat egingo dute indarkeria matxista edonon eta edonori gerta dakiokeela ikusarazteko.

Aramaio

  • 17:30, Kalejira zaratatsua, kultura etxe parean hasita. Aramaioko talde feministak antolatuta.

Aretxabaleta

  • 19:00, Elkarretaratzea, Herriko Plazan, Udalak eta Atxabaltako Mugimendu Feministak deituta.

Arrasate

  • 19:30, Manifestazioa Seber Altube plazan eta ondoren, ekitaldi berezia Herriko Plazan, Arrasateko Mugimendu Feministak.

Bergara

  • 12:00, Elkarretaratzea Emakume helduetan indarkeriarik ez lelopean, Duintasuna taldearen eskutik.
  • 19:00, San Martin plazan Endreduan izeneko kale ekintza, Martxanterak talde feministak antolatuta. Indarkeria matxista elkar-gurutzatzen den bestelako indarkeriak irudikatzeko, soka erraldoi bat egingo dute guztien artean, eta gero, bertan korapilatuko dira. Hainbat testigantza, testu eta poema irakurriko dituzte bitartean. Herritarrei dei egin diete, izara eta arropa zaharrak ekartzeko; baita katilu bana ere, salda banatuko dutelako bukaeran.

Elgeta

  • 19:00, Elkarretaratzea, herriko plazan.

Eskoriatza

  • 18:00, Elkarretaratzea, plazan. Ondoren, hitzaldia Lo que no se ve de la violencia de género; kultura etxean, 18:30ean.

Oñati

  • 18:30, Elkarretaratzea eta indarkeria kasuak identifikatzeko eta bistaratzeko ekintza kolektiboa Foruen plazan, Oñatiko Sare Feministak antolatuta. Leloa: Genero indarkeriaren aurka, autodefentsa feminista.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak