Lan-orientazioa@debagoiena.eus helbidera idatzi behar dute parte hartu nahi dutenek. Debagoieneko Mankomunitateak lehenengoz antolatu du azoka –aurreko urteetan ere egin izan da, baina ez du Mankomunitateak antolatu–. Garaia Parke Teknologikoan egingo dute azoka, eta enpresentzako eta herritarrentzako prestakuntza saioak, lan bitartekaritza zerbitzua eta lan orientazioa uztartuko dituzte bi egunetan.
Enpresei dagokienez, erakargarritasuna hobetu eta talentua erakarri eta mantentzea izango dute helburu, baita enpresen beraien online presentzia hobetzea ere. Horretaz gain, lan bila aktiboki ari diren pertsonen eta enpresen arteko gune bilakatu nahi dute azoka, hala, hautaketa prozesuak erraztu daitezen.
Enpresek, egiteko ugari
Bertan jarriko dituzten standetan egongo dira enpresetako ordezkariak; eta gerturatzen diren herritarren profilak ezagutu eta curriculumak jasotzeaz arduratuko dira. Lan elkarrizketak ere gauzatuko dira: aurretiko hitzorduarekin zein gabe. Horretaz gain, enpresek beraien balio proposamena azaldu ahal izango diete gerturatzen direnei.
Azokako egunetan ez ezik, Mankomunitateak ekintza gehiago antolatu ditu enpresetara begira. Azokaren aurretik, talentua nola erakarri lantzeko tailerra egingo dute. Azokaren ondoren, bestalde, enpresekin topaguneak antolatuko dituzte, eta enpresen online presentzia hobetzeko estrategiak garatuko dituzte, besteak beste.