Aitor Mendizabal: "Pilotaz gozatzen jarraitu gura dut"

Xabier Urtzelai 2019ko aza. 22a, 11:59

Aste barruan aurreratu moduan, zortzi urtez Eibarko enpresaren elastikoa defendatzen ibili eta gero Antzuolako aurrelariak (1989) ez du Aspen jarraituko. "Pena ematen dit, oraindik sasoi onean ikusten dudalako nire burua eta uste dudalako maila onean jardun dudala eta oraindik ere jardun dezakedala", adierazi dio GOIENAri. 

"Pena ematen dit, oraindik sasoi onean ikusten dudalako nire burua eta uste dudalako maila onean jardun dudala eta oraindik ere jardun dezakedala, baina duela bi aste inguru eman zidaten berria, ez dutela datorren urterako nirekin kontatzen, eta onartu besterik ez dago. Salaberrik debutatu egin du, entzuten denez baliteke Gabonak bitartean beste pilotariren batek debuta egitea... Bueno, hilaren 30era arte, betiko errutinan jarraituko dut, jakinda hortik aurrera bizitza aldatuko zaidala. Espero dezagun hobera izatea".

Eibarren esango du agur

Antzuolako aurrelariak oraingoz ez du pilota alboratzeko asmorik, baina Eibarko Astelenan jokatuko du Asperen elastikoarekin azken partidua, hilaren 30ean. Antzuolarrak Tolosa izango du ondoan, eta Etxeberriaren eta Bikuñaren kontra neurtuko dituzte indarrak, Eskuz Binakako Txapelketako partiduaren atarian.

Jaialdi erakargarria da oso, aurreratu moduan, ondoren Irribarriak eta Rezustak Ezkurdiaren eta Martijaren kontra jokatuko dutelako. Hala, harmailak goraino beteta daudela esan ahal izango du Antzuolako aurrelariak agur. Seguru, gainera, herrikide asko ondoan izango dituela, debutaren egunean, 2011ko irailaren 17ko hartan, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan izan zituen moduan: "Partidu berezia izango da, inolako zalantza barik. Zorionez, urte hauetan herrikide askoren babesa izan dut pilotalekuetan, asko izan dira nire partiduetara etorri izan diren lagunak, eta horrek asko pozten nau".

Zortzi urte profesionaletan

Aipatu moduan, Aitor Mendizabalek 2011n egin zuen debuta, eta amateur mailan egindako lan onari –besteak beste, Elgetako lau eta erdikoa eta DV Torneoa irabazi zituen– urte hartan bertan eman zion jarraipena, Bigarren Mailako Lau eta Erdiko txapela irabazi zuen eta. Bere alde egindako apustuaren ordaina zen, neurri handian, baina orain arteko kirol ibilbidean gorriz markatuta daukan momentua 2016ko Buruz Buruko txapela da: "Ez da erraza momentu bakarrarekin geratzea. 2011n irabazitako txapelak ezustean harrapatu ninduen, profesionaletara iritsi berria nintzelako, baina 2016ko txapelak aukera eman zidan hurrengo urtean Lehenengo Mailako Buruz Burukoan esku hartzeko, eta gauza ederra izan zen hori".

Hausnartzeko tartea

Agur hilaren 30ean esango badu ere, Mendizabal III.ak abenduaren 31ra arte du Asperekin kontratua: "Denbora tarte hori hausnartzeko hartuko dut, aurrerantzean zer egin erabakitzeko. Baina, lehen esan moduan, oraindik ondo ikusten dut nire burua, eta pilotan gozatu egiten dut, ondo pasatzen dut. Hala, pilotan bi enpresa daude, baina horretaz gain ere badira enpresa txikiagoak, eta bertako pilotariek urtean jaialdi mordo batean hartzen dute esku. Bistakoa da ez dela maila berean izango, baina pilotaz gozatzen jarraitu gura dut oraindik".

Irakaskuntzan lanean

Mendizabal III.ak, pilotari profesional jardun arren, ez zituen ikasketak alboratu, eta iaztik irakasle dabil lanean: "Polikipoliki, geroago eta ordu gehiago egiten ditut, eta hortik bideratuko dut orain ibilbide profesionala. Pilotari moduan, gure mailan, orain arte, bizitzeko ematen zuen, baina ez etorkizuna lotuta uzteko. Horrenbestez, irakasle jardutea da asmoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak