Aitor Mendizabalek hilaren 30ean esango dio agur Asperekin egindako ibilbideari

Xabier Urtzelai 2019ko aza. 20a, 15:22

Aitor Mendizabal pilotari antzuolarra.

Zortzi urtez Aspe enpresako elastikoa defendatzen ibili eta gero Aitor Mendizabalek (Antzuola, 1989) ez du Eibarko enpresan jarraituko. Pilotariak berak aukeratu du agur esateko eskenatokia, Eibarko Astelenan izango da, hilaren 30ean, Irribarriak eta Rezustak Ezkurdiaren eta Martijaren kontra jokatuko duten partiduaren atarikoan.    

Aitor Mendizabalek datorren asteburuan, hilaren 30ean, jokatuko du Aspeko pilotari moduan azken norgehiagoka. Tolosa izango du ondoan, eta Etxeberriaren eta Bikuñaren kontra neurtuko dituzte indarrak, eskuz binakako txapelketako partiduaren atarian. Jaialdi erakargarria da oso, eta harmailak goraino beteta daudela esan ahal izango du Antzuolako aurrelariak agur –ikusteko dago erabateko erretiroa hartuko duen ala beste enpresa batekin jarraituko duen–. Seguru, gainera, herrikide asko ondoan izango dituela, debutaren egunean, 2011ko irailaren 17ko hartan Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan izan zituen moduan. 

Urte hartan, hain zuzen, Antzuolakoak Bigarren mailako Lau eta Erdiko txapela jantzi zuen, amateur mailan erakutsitako lan onari jarraipena emanda –2007an Elgetako Lau eta Erdikoa eta DV Torneoak irabazi zituen–. Hala, Aspeko kirol zuzendari Jokin Etxanizek antzuolarraren aldeko apustua egin zuen; fisikoki, beste pilotari batzuekin alderatuta desabantaila zuen. Baina, azkartasunak, eta bereziki kantxan erakusten zuen amorruak eta lanerako jarrera onak parekatu egiten zuten balantza.

Hain zuzen, profesional mailan 2016a gorriz markatuta izango du antzuolarrak, orduan irabazi zuen-eta bigarren mailako Buruz Buruko txapela, eta horrek lehenengo mailako txapelketako ateak ireki zizkion.

Urte hauetan pilotari profesional moduan jardun du Mendizabal III.ak, eta irakasle moduan ere badabil irakaskuntzan lanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak