Hasi aurretik, partidua bertan behera uztekotan egon da epailea, futbol zelaiaren egoeragatik eta marrak ezin zirelako ondo margotu. Hala ere, jokatzea erabaki du azkenean, eta hori mesedegarria izan da mahoneroentzat. Izan ere, oso partidu borrokatua jokatu ostean, Touring talde errenteriarra menderatzea lortu dute, Josu Diazek penaltiz eginiko golari esker.
Oso zaila izan da futbola praktikatzea gaur Agorrosinen, lokatzaz beteriko zelaian jokatu baitute bi taldeek. Partiduak aurrera egin ahala, gainera, okerrera egin du zelaiaren egoerak. Lehen zatia oso lehiatua izan da eta etxekoek estutu badute ere, aukera garbiena kanpokoek eduki dute, aukera hirukoitza gainera. Hala ere, husnako berdinketarekin joan dira atsedenaldira.
"Gola sartzen duenak, partidua irabaziko du", zioten zaleek. Eta halaxe izan da. Bigarren zatia hastearekin batera, penaltia adierazi du epaileak, Eukenek egindako bakarkako jokaldi baten ostean. Josu Diazek hartu du jaurtitzeko ardura, eta zutoinaren ondotik, aurretik jarri ditu mahoneroak. Lokatza areagotuz joan da bigarren zatian, eta geroz eta zailagoa zen pase bat bera egitea ere. Barkerorenek eduki dute aldea handiagotzeko aukera, baina errenteriarrek ere gertu izan dute banakoa. Hala ere, hiru puntuak etxean geratu dira.
Mondrak irabazi, UDAk berdindu
Kategoria berean, Mondrak ere garaipen garrantzitsua lortu du gaur, Olaizolaren estreinakoa, eta zulotik irten dira arrasatearrak ere. 2-0 irabazi dio Real Unioni, Mojategin. UDAk, berriz, 2-2 berdindu du Elgoibarren etxean eta sailkapenaren erdi inguruan jarraitzen du.