Oñatiko Uribarri eta Lete, urteko lasterkari onenak

Xabier Urtzelai 2019ko aza. 15a, 11:29
Ainara Uribarri eta Xabi Lete oñatiarrak. Argazkiak: EMF

Joan den asteburuan Urduñan jokatutako lasterketarekin amaitu dute 2019ko Euskal Mendi Federazioak antolatzen duen Mendi Lasterketetako Rankinga. Ainara Uribarri eta Xabi Lete oñatiarrak izan dira erregularrenak.

Guztira, hogeita bi lasterketa erabili ditu Euskal Mendizale Federazioak 2019ko rankinga erabakitzeko. Urtarrilaren 19an Markina-Xemeingo –Bizkaia– Kalamuako jaitsiera izan zen txapelketari hasiera eman zion lasterketa. Orduan, Mayi Mujika emakumezkoetan eta Joseba Plaza gizonezkoetan izan ziren azkarrenak. Bederatzi hilabete geroago, joan den asteburuan Urduñan –Bizkaia– jokatu zuten azken lasterketan, berriz, Andrea Garay eta Kepa Vallejo izan ziren txapeldunak.

Erregulartasuna, sari

Hala, egutegiko lasterketetan puntu gehien batu dituzten korrikalariak izan dira, senior mailan, Ainara Uribarri eta Xabi Lete. Bi oñatiarrak izan dira erregularrenak urte guztian zehar. Uribarrik, zortzi lasterketa jokatu ditu denera. Bitan, bigarren postuan izan da, eta beste hiru probatan berriz hirugarren sailkatu da. Garaipenik lortu ez duen arren, berak eraman du sailkapen orokorra. Gizonezkoetan, berriz, Xabi Letek beste zortzi probatan hartu du esku. Hala, lasterketa batean garaile eta beste batean hirugarren amaitzea lortu du aurtengo rankingean. Eta, ranking horretan ere aipatzekoa da Igor Olalde aretxabaletarrak lortutako hirugarren postua.

Probak lurralde guztietan

Hogeita bi lasterketa horiek Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan eta Araban jokatu dituzte. Lasterketa gehien egin dituen korrikalaria Asier Muguruza izan da –11 proba egin ditu guztira–. Beste hiru korrikalarik 10 proba jokatu dituzte, tartean, senior emakumeen artean bigarren sailkatu den Elorrioko Garazi Sampedrok. Rankingaren beste datu esanguratsua da 27 korrikalarik sei proba baina gehiagotan parte hartu dutela.

Hiru diziplinak ere jokoan

Azkenik, azken urteotan mendi lasterkari osoena nor den erabakitzeko hiru diziplina batu izan dituzte EMFko lagunek: ultra distantziako proba, lineako lasterketa eta kilometro bertikaleko proba. Leitzan jokatu zuten Euskal Herria Mendi Erronka ultra distantziako lasterketan Uxue Fraile eta Ion Azpiroz gailendu ziren; Tolosako T3T lineako lasterketan Hassan Ait Chaou eta Amaia Amantegi izan ziren onenak, eta, Ttutturreko –Intza– lasterketa bertikalean Maite Etxezarreta eta Iñigo Alzola arrasatearra nabarmendu ziren. Alzola Euskal selekzioa ordezkatzen ibili da, eta Anboton, esaterako, bigarren izan zen.

2019ko EMFko sailkapen rankinga:

Kadete neskak

  1. Irene Iturria
  2. Amaiur Zuazua
  3. Eider Irizar

Kadete mutilak

  1. Julen Goenaga
  2. Jon Cabada
  3. Jon Razkin

Junior neskak

  1. Nagore Uribarri
  2. Lide Urrestarazu
  3. Idoia Martinez

Junior mutilak

  1. Eki Imaz
  2. Ander Villanueva
  3. Iñaki Latasa

Senior neskak

  1. Ainara Uribarri
  2. Garazi Sanpedro
  3. Montse Morote

Senior gizonezkoak

  1. Xabi Lete
  2. Jon Vegas
  3. Igor Olalde

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak