Zubikoako derbia bai ala bai irabaztea dute buruan talde biek

Oihana Elorza Gorostiza 2019ko aza. 14a, 19:13
Joan den urtean Iturripen jokatutako derbiko argazkia.

Derbia jokatuko dute Fagor Industrial-Aloña Mendik eta Ford Mugarri-Arrasatek zapatuan, Oñatiko Zubikoa kiroldegian, 18:15ean. Eta talde biek gura dute partidua irabazi. Ez bakarrik bi puntuengatik, baizik bi taldeen arteko lehia irabazteak eragiten dien gozatuagatik.

Halaxe adierazi dute talde bietako ordezkariek. Oñatiko taldearen entrenatzaile Aitor Gartziarendako, adibidez, irabaztea da aukera bakarra: "Bi puntuak partidua irabaztearen emaitza, ondorioa da, baina derbi bat irabaztea beste gauza bat da. Gozatu hori bestelakoa da eta horren bila aterako gara zapatuko partiduan".

Arrasateko Ford Mugarri taldeko Josu Herrero jokalariarendako ere derbi bat irabaztea ez da beste edozein partidu irabaztea bezala: "Ez da edozein partidu. Derbia irabazteak beste xarma bat du".

Aurkari gogorrak

Elkarren arteko lehia ahaztu barik, biek ikusten dute parean izango duten taldea kontuan hartu beharrekoa dela. "Fagor Industrial talde oso sendoa da. Egia esanda, harrituta nago sailkapenean gu baino beherago eta puntu hain gutxirekin ikusteaz. Maila handiko jokalariak daude talde horretan", dio Herrerok. Gartziak ere Ford Mugarri tentuz hartu beharreko taldea dela adierazi du: "Derbietarako ez dago estrategiarik, partiduak irauten dituen minutu guztiak jokatu behar dira ondo, ez dago erlaxatzerik. Hori izango da helburua zapatuan, ondo jokatzea eta partidu polita eskaintzea zaleei".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak