'Antropozenoa' azalik onena
Puntua aldizkariko Antropozenoa azalarekin batera finalista izan dira, Barren aldizkariko Krosaren egun handia eta Guaixe aldizkariaren Bizipozen bizi!. Epaimahaiak, baina, "irudi sinplea" eta "diseinu arriskatua eta modernoa" baloratu ditu, besteak beste, saria Antropozenoa azalari emateko: "Sarritan, irudi sinple batek hamaika berbak baino gehiago konta dezakete, eta horixe da epaimahaiak saritutako azalaren kasua. Diseinu arriskatu eta modernoa erabiliz, oso elementu gutxirekin jokatuz, azal honek irudi indartsua sortu du, ikuslea hunkitzera ere iristen da. Hunkitze horretan paper garrantzitsua jokatzen du elementuen disposizio orekatu eta zainduak, osotasunari oso ukitu dotorea ematen diona".
'Debagoiena eraldatzen' ikus-entzunezko onena
Ikus-entzunezko onena berriz, Debagoiena eraldatzen deituriko bideo-sortarentzat izan da eta horrekin batera, finalista izan dira, Euskaraldiari buruzko ikus-entzunezkoa eta Aiaraldearen Bizitzak erdigunera eraman dituzten milaka emakumek Aiaraldean. Gauzak horrela, epaimahaiak Debagoiena eraldatzen lanak tartean, gizarte osoari eragiten diola goraipatu du: "Kasu honetan ere, gizarte osoari eragiten dioten problematikak gertuko errealitatetik abiatuta aztertzeko hautua goraipatu du epaimahaiak. Plano lokala eta globala oso ondo uztartzen ditu bideo sorta honek, alde teknikotik, gainera, faktura bikainarekin: enkoadreak, argiztapena eta soinu kalitatea bikain zainduta. Errealizazioa eta muntaketan, gainera, oso hautu originalak egin dituzte sortzaileek, eta elkarrizketen arteko loturei balio handiko elementu narratiboak erantsi dizkiete, metafora bisual ederrak sortuz".
Edukirik onena eta aipamen bereziak
Edukirik onenaren saria, Kronika-k idatzitako Urik gabeko urtegi, orain laborategi erreportajearentzat izan da. Eta lan honekin batera finalista izan dira, Guaixe-k idatzitako 1918ko dolu egunak eta Uztarria-ren Heriotza parez pare.
Aurtengo Tokikom sarietan gainera, aipamen berezi bikoitza banatu dira: Hiruka-ren Bayandalai, elur-oreinen azken artzaina argazki-erreportajeari batetik, eta Anboto-ren Martxoak 31 azalari bestetik.