EAJko Andoni Ortuzar oso pozik agertu da EAEko hiru probintzietan irabazi izanarekin, eta beste ordezkari bat lortu izana azpimarratu du: "Zazpi diputatu izango ditugu 15 urteren ostean". Horregatik, jeltzaleengan jarritako konfiantza eskertu die boto-emaileei: "Ez diogu hutsik egingo konfiantza horri". Agertoki politiko oso zaila utzi dutela hauteskundeek adierazi du, eta politika gehiago eta elkarrizketa gehiago eskatu ditu: "Hauteskunde garaia pasatu da eta irtenbide garaia bilatu behar da". Boto baliagarria izango dela EAJrena gaineratu du. Era berean, ultraeskuindarrek lortutakoarekin kezkatuta agertu da.
EH Bilduko Arnaldo Otegi ere pozik agertu da lortutako bost diputatuekin. Abstentzioak gora egin badu ere EH Bilduk botoetan gora egin duela azpimarratu du, eta emaitzak "sekulakoak" izan direla gaineratu. "Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan ordezkaritza lortu duen indar bakarra da EH Bildu".
Elkarrekin Podemoseko Lander Martinez bozeramailea kezkatuta agertu da Voxek izan duen gorakadarengatik. Onartu du Elkarrekin Podemosek botoak galdu dituela inkestek iragarritako moduan, baina gaineratu du proiektua egonkortuta dagoela EAEn. Eta indar aurrerakoien elkarlanera deitu du.
Alderdi Sozialistako Idoia Mendiak argi utzi gura izan du Espainiako hauteskundeak irabazi dituztela: "Guri dagokigu gobernua osatzea eta Pedro Sanchez lider izango den gobernua bideratu behar da; izan ere, gai ugari daude zain eta Espainiak ezin du gehiago itxaron". Gobernu progresista eta egonkor baten aldeko deia egin du.
Alfonso Alonso gustura agertu da hauteskundeen emaitzarekin, "gora egin dutelako, bototan zein boto portzentaian". Horrek, tendentzia aldaketa erakusten duela adierazi du: "Hala ere ez dugu lortu gura genituen ordezkaritzak. Bizkaian ia lortu dugu eta hori ez dago erabat baztertuta".