Antzuolan 1.625 herritar daude botoa ematera deituta domekan; Aramaion, 1.166; Aretxabaletan, 5.434; Arrasaten; 17.301; Bergaran, 11.520; Elgetan, 858; Eskoriatzan, 3.200; Leintz Gatzagan, 179; eta Oñatin, 8.893 herritar.
Bi boto eman beharko dituzte herritarrek. Gutun-azal zurian Kongresurako botoa sartu beharko da eta Senaturakoa, bestean. Gipuzkoan hamabi zerrenda aurkeztu dituzte, bai Kongresurako eta baita Senaturako ere. Araban, berriz, hamaika. Izan ere, Escaños En Blanco-Aulki Zuriak alderdiak ez du zerrendarik aurkeztu Araban.
EH Bildu nagusi apirilean
Alderdi gehienek apirileko zerrendak errepikatuko dituzte hauteskunde hauetan, bai Gipuzkoan eta baita Araban ere. Apirilean, hain zuzen, EH Bildu izan zen indar nagusia Debagoienean, 12.609 botorekin. EAJ izan zen bigarren indarra, 12.055 boto eskuratuta. Elkarrekin Podemosek 5.431 boto lortu zituen; PSE-EEk, 5.085; eta alderdi popularrak, 966.
Hauteskundeen jarraipena, herriz herri
Goiena.eus webgunean eta Goienaren sare sozialetan unean uneko jarraipena egingo zaie hauteskundeei, parte-hartzearen eta herri ezberdinetako datuak emanez. Astelehenean, emaitzak aztertuko dira Goiena telebistan, analista politikoen laguntzarekin.