'Hizkuntza Eskubideen Protokoloa: Udal Garapena' gida aurkeztu du Kontseiluak

Mirari Altube Arrese 2019ko aza. 7a, 14:25

Udalen hizkuntza-politika eraginkorrerako tresna "egingarria eta eragingarria" partekatu du gaur, azaroak 7, Kontseiluak euskalgintzako, instituzioetako eta era askotako eragileen artean. Gasteizko Euskararen Etxean, Oihanderren, izan da ekitaldia eta Debagoieneko ordezkari asko elkartu dira han.

Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak, aurkeztu du gida: "Euskalgintzak eta udalak elkarrekin jarduteko bitartekoa, politikatik gobernantzara jauzia egiteko tresna da". Euskalgintzako, Jaurlaritzako, Aldundiko, Uemako eta Udalbiltzako ordezkariak, eragile sindikalak eta politikoak, eta hainbat udaletako teknikariak elkartu dira gida hori ezagutzeko, besteak beste, Elgetako alkate eta Uemako presidente Iraitz Lazkano, Aramaioko alkate Lierni Altuna, Bergarako Udaleko Euskara teknikari Estepan Plazaola, Leintz Gatzagako ordezkari Jon Zuazabeitia eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari ohi Mikel Irizar.

2016an aurkeztutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloan oinarrituriko dokumentua da gaur aurkeztutakoa. Ildo horretatik, Paul Bilbaok azaldu du tresna berriak Protokolo nagusiaren balioak dituela oinarri: Hizkuntza-eskubideen aitortza, araudi egokia, neurri zuzentzaileak hartzea, baliabideak bermatzea, neurri positiboak hartzea, hizkuntza-politikaren zehar-lerrotasuna aplikatzea…

Udalek "eskumen handiak"

Kontseiluaren ordezkariak tresnaren osagarriak azaldu dizkie elkartutakoei, eta, bi ideia nagusi azpimarratu ditu: batetik, Udalei adierazi die "hizkuntza-politikak garatzeko eskumen handiak dituztela, baita askatasun handia dutela ere urrats eragingarriak egiteko". Eta bestetik, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloari egin dio erreferentzia, bere balioak gogoraraziz, eta nabarmendu du "errealitate desberdinei erantzun diezaiekeen tresna" izatea dela helburua: "Are gehiago, Udal Garapenak aukera emango du politika integralak planteatzeko edo-eta eremukakoak: hezkuntza (aisialdia, musika eskola…), onomastika, eremu sozioekonomikoa, hedabideak eta teknologia berriak eta kultura".

Bukatzeko, Bilbaok gogorarazi die eskubideen bermearen alde egiteak "harreman eta elkarbizitza-eredu demokratikoari" eragiten diola eta animatu ditu Udal Garapenak eskaintzen duen aukera berriarekin bat egitera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak