80 herritar inguru Eskualdeko Sarearen I. Topaketan

Miren Arregi Amasorrain 2019ko aza. 6a, 17:37

Atzo, azaroak 5, Eskualdeko Sarearen I. Topaketa egin zen Bergaran. Ibilbidea 2019an hasi duen Debagoiena 2030 ekimenak deituta egin zuten batzarra eta 80 debagoiendar inguru batu ziren bertan, tartean eragileetako ordezkaritza zabala.

Hain zuzen ere, sektore eta arlo desberdinetako ordezkariak izan ziren bertan; industriaren alorrekoak, hezkuntzakoak, herri mugimenduetakoak, lehen sektorekoak, erakunde publikoetako ordezkariak eta abar.

Batzarrean, D2030 ekimena aurkeztu zuten eta ekimena eskualde mailan egiten ari diren diagnostikoaren lehen urratsak eman zituzten ezagutzera. Diagnostiko hori aberastu asmoz, han batutakoen ekarpenak ere jaso ziren. D2030 etorkizuneko erronkei erantzuna emateko behar hori artikulatu gura duen lankidetza sarea da. Erronka horien identifikazioa gizartea entzuteko etengabeko prozesu baten bitartez gauzatuko da. Prozesu hori 2019ko urtarrilean abiatu zuten eta dagoeneko 100 elkarrizketatik gora egin dituzte, gainera, ariketa horretan sakontzeko bestelako entzute kanalak ere erabili dira.

Debagoiena 2030

Debagoiena 2030, etorkizuna jomugan duen ekimena da. Askotariko herritarrak batu eta norabide partekatuan lanean jarri gura dituena. Herrigintza antolatua, erakunde publikoak, hezkuntza eragileak, enpresa pribatuak, kooperatibak zein herritarrak, lankidetza eta elkarlanera bultzatzea da helburua.

Izan ere, ez du balio orain arte gizarteak lan egin duen moduan lanean jarraitzea, bakoitzak bere aldetik eta elkarlan eredurik gabe. Etorkizunak, erronka konplexuak ipini ditu mahai gainean; izan klima aldaketarekin, garapen ekonomikoarekin, berdintasunarekin zein hezkuntzarekin loturikoak eta horiei elkarlanean erantzutea ezinbestekoa izango da.

Eskualdeko Sarearen I. Topaketa Miguel Altuna ikastetxeko aretoan.

Hala, esan moduan, erronka horiei erantzun partekatuak emateko lankidetza sare bat ahalbidetzea da ekimenaren helburuetako bat. Une honetan, Debagoieneko hainbat erakunde –Fagor, Ulma, Emun, Mondragon Unibertsitatea, Txatxilipurdi, Saiolan, Goiena, Debagoieneko tokiko administrazio publikoa, Agirre Lehendakaria Center, Gipuzkoako Foru Aldundia, Gizabidea...–, dira horrekin bat egiten dutenak, eta haren nahia, ahalik eta kolaborazio sare handi eta emankorrena sortzea da.

 Atzoko batzarrean, elkarlan horren abiapuntua irudikatu zuten bertan batu ziren erakundeek. Etorriko diren urrats guztien hasiera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak