Aurten lehen aldiz emango dute Komunikazio saria eta sail horretan hautatu dute Ttap. Beste hiru finalistak honako hauek dira:
- 2019ko Korrikaren komunikazio kanpaina.
- Egunean behin jokoa, CodeSyntaxen eskutik.
- Barruan gaude podcasta, Oier Aranzabalek Zuzeun argitaratzen duena.
Kazetaritza sariko lau finalistak, ostera, honako hauek dira:
- Jon Artanoren elkarrizketak eta kronikak Ameriketatik EITBn.
- Ana Galarragaren Iraultza txikien lekukoak atala Elhuyar aldizkarian.
- Miel Anjel Elustondoren Zozoen elean elkarrizketa sorta Berria-n.
- Kanaldudeko Hurbiletik saioko uda arteko atalak.
Bi sari nagusiak maila berekoak dira, 9.000 eurokoak. Finalisten artetik aukeratuak zeintzuk diren sari-banaketa ekitaldian jakinaraziko dute, azaroaren 28an, 19:00etan, Bastero Kulturgunean.
52 zenbaki eta 100 elkarrizketa
Euskarazko Ttap aldizkari digital multimedia 2019an sendotu den proiektua da. Egubakoitz honetan, azaroaren 8an, 52. zenbakia kaleratuko dute eta dagoeneko 100 elkarrizketa inguru jaso dituzte; horretarako 70 kolaboratzaile inguru dituzte inguruan.
Aldizkari Digital Multimediak SL enpresa da Ttap argitaratzeaz arduratzen dena, eta honako hauek dira bazkideak: Durangaldeko Anboto, Goiena, Zumaiako Baleike, Iruñerriko Euskalerria Irratia, euskarazko tokiko hedabideak batzen dituen Tokikom bateragunea eta Kataluniako Esguard –azken hau hartu dute erreferentzia modura Ttap aldizkaria sortzeko–.