'Hala bazan' saio berriaren estreinaldia, gaur, Goiena telebistan

Aitor Agiriano Arrese 2019ko urr. 31a, 10:50

Arrasate telebistaren artxibotik tiraka ekoiztutako saio berria estreinatuko du gaur, 21:30ean eta 23:30ean, Goiena telebistak. 90eko hamarkadako irudi onenak bilduko ditu espazioak astero, bailaran orain dela 30 urte bizitakoak gogora ekarrita.

Arrasate Telebista 1990eko otsailaren 13an sortu zen, Arrasate Komunikabideen eskutik (ARKO). Eta, hamar urtez, 2000ko maiatza bitartean, Goiena telebista eratu zen arte, Arrasate, Bergara, Aretxabaleta, Eskoriatza... bailarako herri ezberdinetan Super VHS formatuko grabazio sistema erabiliz une ugari filmatu zituzten kamerek. Hala, horiek guztiak oroitzapen kutxatik atera, artxibotik, eta hamarkada oso batean zehar Debagoienean bizitakoak ekarriko dizkio ikus-entzuleari saio berriak gogora.

Julen Iriondo kazetariaren ahotsa izango dute ikus-entzuleek bidelagun programan. Buru-belarri dabil artxiboko irudi guztiak kuxkuxeatu eta unerik onenak saiorako biltzen. Horien artean, atal ezberdinetan ikus-entzuleak ikusgai izango dituenen artean, hainbat bitxikeria edo harritu duten momentu bereziak topatu ditu: "Arrasaten egin zen musikaren gaineko hitzaldi mahai-inguru batek harritu nau. Musika munduko bi aurpegi ezagun ahobizarrik gabe eztabaidan ikusteak, esaterako".

Saioak gaika

Astero, eguenero, emisioan izango den saioak gai ezberdin bat jorratuko du atal bakoitzean: jaiak, ekitaldi bereziak, kirola, kultura, moda edota musika ardatz hartuta, hamarkada oso baten egunerokoa errepasatuko du ikus-entzunezkoak. Irudietan Arrasateko herriak protagonismo handiena izango duen arren, Bergara, Aretxabaleta, Eskoriatza... lagun diren ondoko herrietako ekitaldi bereziak, egun seinalatuak... guztiak jasoko dira bertan herritarrei ezagutzera emateko.

Hasteko, musika

Musika izango du protagonista gaur estreinatuko den lehenengo atalak. "Musika munduan dagoen ondarea oparoa da artxiboan: hemengo taldeak, bakarlariak, ezagun diren atzerriko taldeak... Nahiz eta euskal rockak izango duen presentzia nagusia saioan, beste musika estilo batzuek ere izango dute lekua. Orain dela 30 urte nolako gazteak ziren ikusteko aukera ekarriko digu espazio berriak: Hertzainak taldea, Imanol Lartzabal, Fito...", dio saioa hezurmamitzen ari den Iriondok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak