Jardunaldia egubakoitzera aurreratuko dute gehienek

Xabier Urtzelai 2019ko urr. 30a, 16:10

Asteburuko zubia tarteko, Ohorezko Erregionaleko ligako zortzigarren jardunaldia egubakoitzean jokatuko dute talde gehienek. Hala, ibarrekoen artean Mondra eta Bergara dira etxean jokatuko duten bi taldeak.

Jorge Davilaren mutilak puntu beharrean daude, eta laugarren postuan dagoen Amaikak Bat taldearen bisita izango dute bihar, egubakoitza, (16.30, Mojategi). Debakoek bi norgehiagoka baino ez dituzte galdu, eta aurreko jardunaldian jaso zuten bi porrot horietako bat, Añorgaren kontra, etxean. Mondrak, berriz, ez zuen nahi moduko etekina lortu atzealdeko postuetan kontrario zuzena den Oiartzunen zelaian (1-1).

Bergarak liderra hartuko du

Mahoneroek ere ez dute kontrario erraza izango (egubakoitza, 15:45, Agorrosin), lehenengo postuan dagoen Anaitasunaren bisita izango dute-eta Javier Barkeroren mutilek. Joan den astean, puntu ona batu zuten bergararrek Aretxabaletaren kontrako derbian, baina Barkerok berak aitortu du talde mahoneroak etxean hobetu behar duela, kanpoan txukun dihardutelako. Anaitasunak, baina, jokatu dituen zazpi partiduetatik sei irabazi ditu.

Aretxabaletak ere egubakoitzean jokatuko du (17:30), Hernanin. Mikel Larbururen taldea sailkapenaren erdian dago, eroso, eta Hernanik puntu bat gehiago baino ez du.

Derbia erregional preferentean

Kategoria bat beherago Aretxabaletak Antzuola hartuko du gaur, eguena (20:00etan, Ibarra). Mondrak eta Aloña Mendik kanpoan jokatuko dute bihar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak