Lankidetzan ari dira orain dela urte batzuk MU eta Goiena. Gustura zaudete elkarlan horrek emandakoarekin?
Bai, bai. Esan genezake komunikazioaren munduan lanean diharduten Debagoieneko bi kooperatiba enpresa, ezinbestean, elkarrekin lan egitera behartuta-edo daudela. Osagarriak gara eta aspaldiko harremana sakonduz joan da urteak aurrera egin ahala.
Ze espero du MUk Goiena moduko komunikazio talde batetik?
Elkarrekin lan egitea. Esaterako, 2Deo Tabakalerako ikus-entzunezkoen laborategiaren proiektua, MUk eta Goienak elkarrekin egindakoa da. Batzuetan, elkarrekin egin genitzake proiektuak kanporako edo beste batzuetan, esaterako, gure ikasleek egin ditzakete proiektuak edo praktikak Goienan. Horretaz gain, Goienako profesionalen jakintza, gure fakultatean zabal daiteke; egin izan dugu: eskolak emanez e.a. Gizartea, hezkuntza, digitalizazioa, kooperatibismoa… izan daitezke beste lankidetza esparru batzuk, ikus-entzunezkoetatik harago.
Ze profileko profesionalak eskatzen ditu ikus-entzunezko komunikazioaren merkatuak gaur egun?
Guretako inportanteena ez da menderatzea tresnak edo gaur egungo komunikazioko baliabideak; inportantea izanik ere, horiek aldatzen doaz. Guretako inportanteena da oinarrizko jakituria, konpetentziak: taldean lan egitea, kritiko izatea, sormena, berrikuntzarako edo aldaketarako prestutasuna…
Praktiketarako toki aproposa da Goiena MUko ikasleendako?
Oso aproposa, hurbiltasun geografikotik harago. Izan ere, Goienaren izaera multimediak ahalbidetzen du gure ikasleak praktika osoa jasotzea. Eta ikustea gaur egungo komunikazio eta informazio enpresek edo hedabideek informazioa zabaltzeko modu ezberdinak dituztela. Edo produkzio osoa interneten bueltan oinarrituta dagoela. Goienan denetik eta produkzio osoa bertatik bertara ikusten dute.
Goienako profesionalak ere alor jakin batzuetan hezi daitezke MUko Aretxabaletako campusean?
Alor horretan aukera handiak sor daitezke, Aretxabaletako campusa bihurtzeko ez bakarrik gradu bat ikasteko tokia, baizik eta komunikazioarekin lotutako hainbat zerbitzu eskaintzen dituen gunea. Ikastaroak, hobekuntza prozesuak, aholkularitza… Halakoak egiten bagabiltza.