11:30ean hasi dira kalerik kale txistu doinuak zabaltzen: "Euskal Herria Plazan hasi dugu kalejira, eta pixkanaka alde zaharrerantz gerturatuz joan gara: Maalako Errebaletik, Portaloitik, Iturriotz kaletik, Ferrerias kaletik, Erdiko Kaletik..." azaldu du Edorta Arana txistulariak.
Esan bezala, 35 lagun aritu dira gaurkoan, hainbat herritatik etorrita: Eibar, Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Oñati, Bergara... eta, nola ez, baita Arrasatekoak ere.
12:30ean egin dute hamaiketakoa Leintze elkartean. "Hamaiketakoa egiteko nahi berandu zen, baina primeran sartu zaigu". 13:00etan Herriko Plazan 45 minutuko kontzertua egin dute, errioxar patata usainarekin, bertan baitzeuden Errebeldeak Blind Rock jaialdira etorritako Errioxako sukaldari itsuak.
Une honetan, bazkalosteko giroan dabiltza kantuan, eta ostean berriz aterako dira kalera, kalejira egiteko. "Gaurkoan hainbat kontzertu egongo dira kaleetan zehar, baina horiek atsedentxo bat hartzen duten bakoitzean, txistuak jotzeari ekingo diogu".