Aitatasun-baimena hamasei astera arte luzatu ahal izango da azarotik aurrera

Maialen Santos 2019ko urr. 28a, 11:39

Iñigo Mendia eta Amaia Txintxurreta, Gari semearekin

Ostiral honetan, azaroak 1, sartuko da indarrean aitatasun-baimenari dagokion neurri berria. Hala, egun indarrean dagoen zortzi asteko aitatasun-baimenari beste zortzi aste gehitzeko aukera izango dute seme-alabak oraindik jaiotzeko dituztenek.

Egun, zortzi asteko baimenaz gozatzeko aukera dute seme-alabaren bat izan dutenek, baina azarotik aurrera jaiotzen diren haurren aitek denbora bikoitza izango dute iritsi berriaren zaintzari eskaintzeko –hala nahi izanez gero–. Gizarte Segurantzak ordaintzen dizkie lehen zortzi asteak aitei, eta beraz, neurri berria indarrean sartzean Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko du aitaren soldataren ordainketa; luzapeneko zortzi asteetan soldataren %100 ordainduko zaio.

Neurri berriari esker, guraso biek, amak eta aitak, baimen bera izango dute denborari dagokionez; hamasei aste bakoitzak. Hala eta guztiz ere, neurri berriarekin ez da derrigorrezkoa izango baimena zortzi astez luzatzea, gutxiago eskatzea ere posible izango delako.

Gurasoek, bestalde, ezin izango dute biek batera baimenaz gozatu; lanera joan behar ez duenak jaioberriaren zaintzak bere gain hartuko dituela ziurtatzeko neurria da hau.

Bestalde, denbora tarte ezberdinetan, tartekatuta, hartu ahal izango da baimena, ez baita derrigorrezkoa izango zortzi asteak jarraian eskatzea. Edonola ere, seme edo alabak urtebete egin arteko tartean agortu ahal izango dira eskatutako asteak; ez, ordea, haurrak urtebete egin eta gerora. 

Eusko Jaurlaritzak urtebete darama familiak laguntzeko asmoarekin neurri berria garatzen, eta asteon onartu du, azkenean, aitatasun-baimenaren luzapena. Neurri hau posible egiteko, 25 milioi euro bideratu ditu Eusko Jaurlaritzak.

Bete beharrekoak

Aitatasun-baimena gehienez ere hamasei astera arte luzatzeko baldintza zehatz batzuk bete beharko dira. Esaterako, haurra haurtzaindegira eramaten dutenek ezin izango dute aitatasun baimena luzatu.

Horretaz gain, bikotekidearen lan jardunak ere izango du zeresanik. Izan ere, bikotekidea jardun erdira lanean dutenek ere ezin izango dute baimena luzatu. Autonomoki lan egiten dutenen kasuak ere berezitasunak izango ditu; autonomoak baimena hartu dezan, beste pertsona bat kontratatu behar izango du bere lana betetzeko, berak haurraren zaintzaz arduratzeko baimena hartu dezan.

Azkenik, etxeko langilea duten familiek posible izango dute hamasei asteko baimena hartzea: ez da oztopo izango etxerako lanetarako norbait kontratatua izatea. Halere, funtzionarioek ez dituzte aipatutako baldintzak bete beharko, irailaren 1az geroztik ari baitira baimen osoaz gozatzen.

Nagore Ojanguren elgetarraren aburuz, baldintzak zeintzuk diren ezagutzea "garrantzitsua" da; izan ere, haren ustez, ez da "hain erraza" guztiak betetzea. Edonola ere, berak eta bikotekideak baimena eskatzea erabaki dute: "Neurri berria ondo datorkigu. Haurra ez dugu haurtzaindegira eramango; beraz, ni lanean hastean aitak zaindu beharko du semea". Gaineratu duenez, neurriak "abantaila asko" ekarriko dizkie zenbaiti.

Nola eskatu

Azaroaren 1etik aurrera jaioko direnen aitek eskatu ahal izango dute hamasei asteko baimena, egun horretatik aurrera. Informazioa zein laguntzak Zuzenean bulegoetan eskatu ahal izango dira –Donostiako Andia kalean–, edota www.euskadi.eus/ familia webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak