Erreakzioaren ondotik dator derbia, domekan

Xabier Urtzelai 2019ko urr. 25a, 18:00

Aretxabaletak etxean ez du aurten partidurik galdu.

Liga hasieran martxa hartzea kosta egin bazaie ere, Real Unionen eta Ordiziaren kontra irabazi eta gero Aretxabaletak eta Bergarak konfiantzarekin ekingo diote domekan derbiari (16:30, Ibarra). Mondrak, berriz, Oiartzunen jokatuko du.

Liga hasieran gura baino zalantza gehiago izan ondoren, azken asteko emaitza onak hauspotuta iritsiko dira Aretxabaleta eta Bergara domekako hitzordura: "Kontu bat delako taldea lanean ondo dabilela ikustea, eta beste bat da emaitzek lan hori erakustea. Garaipenak iristen ez direnean etortzen dira zalantzak, eta zorionez, taldean aldaketak izan ditugulako-edo apur bat kosta egin bazaigu ere, zuzendu dugu bidea eta konfiantzarekin gaude", dio Mikel Larburuk.

Aretxabaletan entrenatzailea moduan, Bergaran ere Jose Javier Barkero iritsi berria da: "Partidu askotan taldea ondo ikusi dut, baina batzuetan zorteak bizkarra eman digulako, edo kontrarioak ere jokatu egiten duelako, kosta egin zaigu emaitza positiboa lortzea". Egoera horri buelta emateko Ordizian lortutako garaipenak bultzada ederra eman dio Bergarari, jakinda bi partidu jarraian jokatu behar dituztela jarraian, eta ondoren Anaitasuna indartsua joango dela Agorrosinera: "Egutegi zaila dugu orain, baina guztien kontra jokatu behar dugu eta horrek ez gaitu horrenbeste arduratzen".

Lehen derbia Larbururendako

Aretxabaleta taldeko entrenatzailearendako lehen derbia izango da. Barkeroren Bergarak, berriz, Mojategin jokatu zuen ligako bigarren jardunaldian (1-1). Hala, UDAk etxean porrotik jaso ez badu ere, berdinketekin puntu garrantzitsuek egin diete ihes. Bergarak, kontrara, etxean baino gehiago, kanpoan erakutsi du aurpegirik onena. 

Entrenatzaileen iritzia derbira begira:

Mikel Larburu eta Jose Javier Barkero.

Mikel Larburu, UDAko entrenatzailea:

"Azken bi asteetako garaipenek konfiantza eman digute. Azken batean, nahiz eta aste barruan taldea lanean ondo dabilela ikusi, asteburuan partidua irabazteak lasaitasuna ematen duelako, zalantzak uxatzen ditu. Azken hiru partiduetan atzetik aurrerako lana egin dugu, norgehiagoka galtzen hasi eta markagailuari buelta emateko kapaz izan gara. Hala, Ordizian irabazi eta gero, Bergara ere konfiantzarekin etorriko da. Partiduan izan nintzen eta serio jokatu zuen Bergarak".

Jose Javier Barkero, Bergarako entrenatzailea.

"Ordiziaren kontra ikusi genuen partiduak irabazteko kapaz garela, eta konfiantza ematen du horrek. Etxetik kanpora txukun gabiltza, etxean hobetzea da gure erronka. Bestalde, domekan Aretxabaletan jokatzea berezia izango da niretako, bost urte egin ditut-eta bertan. UDAk bereziki etxean jokatzen duenean errespetua ematen du. Badakigu azken 20-30 minutuetan zelan estutzen duten eta norgehiagokako faseak ondo zaindu beharko ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak