'Hormak apurtzen' lagun talde irekia sortu dute

Maialen Santos 2019ko urr. 18a, 15:43

'Hormak apurtzen' taldeko kide batzuk, egindako azken irteeran (Argazkia: Hormak Apurtzen)

Harreman berriak egiteko eta, batez ere, ohiko lagun taldetik kanpoko jendea ezagutzeko helburuarekin jaio berri da. Talde "ireki" eta "askea" dela diote, eta edonori zabalik; nahi duenak har dezake parte hilean behin antolatzen dituzten ekintzetan.

Ez da betiko lagun taldea, sortu berri den lagun talde bat baizik. Harreman berriak egitea helburu, Hormak apurtzen izena jarri diote taldeari, hain zuzen, egun existitzen diren mugak apurtu nahi dituztelako proiektu berriaren bitartez.

"Ohiturak finkatuta ditugu harremanak izateko orduan; lagun talde finkoetan mugitzen gara eta kosta egiten zaigu beste talde batzuetara zabaltzea", aitortu du taldeko bultzatzaile Miren Iraetak. Are gehiago, norbait talderik gabe edota taldetik kanpo sentitzeak bakardade sentimendua garatzea eragin dezakeela gaineratu du ekintzaileak. "Jende berarekin leku berean elkartzeko ohitura dugu. Sarri, afizioek lotzen gaituzte, eta hori inguruetara zabaltzeko muga ere izan daiteke", gaineratu du taldekide Aitor Maraurik.

Taldean, 38 partaide

"Hausnarketa batetik" otu zitzaion Iraetari taldea sortzeko ideia: "Herrietan ezagutzen ditugu inguruan dabiltzanak; ez dugu inoiz momenturik elkarbanatu, ordea". Arrazoi horregatik, Whatsapp talde bat sortu eta jendeari batzeko proposamena egiten hasi zitzaion duela aste batzuk. Egun, 38 pertsonak osatzen dute Hormak apurtzen.

Bergaran sortu zen taldea, berez –bultzatzailea bergararra da–, baina bailarako zein bailaraz kanpoko herrietara zabaldu gura dute. "Nazionalitate, arraza, genero, adin... askotariko jendearengana heldu nahi dugu", dio Maraurik. Dagoeneko Arrasate, Bergara eta Durangoko jendea batu da taldera, besteak beste. Ez dago taldean sartzeko baldintza zehatzik; alegia, "jende berria" ezagutzeko gogoa eduki behar da ekimenera batzeko.

Irteerak, hilean behin

Proiektua martxan jarri berria izanik, hilean behin elkartzen saiatzen dira, asteburuetan. "Orain arte, mendira egin izan ditugu irteerak, goiz-pasa joateko aukera ematen dutelako", adierazi du bultzatzaileak. Duela gutxi elkar ezagutu dutenez, "pixkanaka" hasi nahi izan dute; eta, beraz, orain arte egindako irteerak ez dira egun osokoak izan. Hala ere, aurrerantzean, bestelako ekintzak egiteko asmoa dute elkarrekin, dagoeneko urte amaierara arteko egutegia zehaztuta baitute, gutxi gorabehera. Proposamenetara zabalik daude taldekoak, eta guztion gustuko ekintzak egiteko asmoa dute. Esate baterako, Urkulura patinetan ibiltzera eta surfa egitera joateko plana egin nahi dute.

Hain justu, asteburuan egingo dute urriko irteera; Zarautz ingurura joango dira domekan, kostaldeko ibilbide bat egitera.

Harrera ona

Orain arte taldeari egindako harrera "ona" izan dela adierazi du Iraetak. Edozelan ere, "hazten jarraitzea" gustatuko litzaiekeela nabarmendu du Aitor Maraurik, eta, beraz, taldera batzeko gonbidapena egin nahi izan diote gizarte osoari. Taldearekin harremanetan jartzeko, helbide elektroniko bat sortu dute: hormakapurtzen@hotmail.com, eta Instagram sare sozialean ere ireki berri dute kontua, @hormakapurtzen erabiltzaile izena jarrita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak