Hasi dira dagokien lekurako bidea egiten

Xabier Urtzelai 2019ko urr. 18a, 14:49
Mondrako jokalariak, Errenteriako aldagelan, joan den astean. @mondragonfc / Twitter

Aretxabaletak eta Mondrak bosgarren jardunaldian lortu dute ligako lehen garaipena, eta ligako hasiera txarrari buelta eman diotela sinistuta jokatuko dute asteburuan. Bergarak, azkeneko postuan, Ordizian eman gura dio buelta egoerari.

Bost jardunaldi behar izan dituzte, baina Mondrarendako eta UDArendako iritsi da ligako lehen garaipena. Aretxabaletak 3-1 irabazi zion oraingo asteburuan Bergararen kontrario izango den Ordiziari –UDAk aurretik hiru partidu berdinduta zituen– eta Mondrak are zailagoa dena egin zuen, Errenterian Touringi 1-3 irabazi. Garaipenak emandako hauspoaz baliatuta, zuri-moreek bi partidu irabazi dituen Mutrikuren bisita izango dute zapatuan (16:30). Aretxabaletak, berriz, Real Unionen zelaian jokatuko du, Galen, domekan (16:00).

Bergara, zorte barik

Sailkapenean azken postuan dagoena ez dago zorte txarragatik hor. Baina egia da joan den astean Barkeroren taldeak Euskaldunaren aurrean gol aukera politak izan zituela norgehiagoka irabazteko, eta jokaldi erabakigarrietan zorteak bizkarra eman ziela. Aretxabaletakoa, baina, sinistuta dago egoerari buelta emateko taldeak duen gaitasunean: "Ez daukat zalantzarik segituan hasiko garela emaitzak batzen". Zapatuan, Ordizian, 15. postuan dagoen taldea izango dute aurrean.

Aloña Mendi bigarren dago jada

Erregional preferentean Aloña Mendi bigarren postuan dago jokatutako bost partiduetatik hiru irabazi eta beste bat berdindu eta gero. Oñatikoek atzealdeko postuetan dabilen Tolosaren zelaian jokatuko dute domekan (11:45). Antzuolak, berriz, Idiazabalen jokatuko du domeka arratsaldean (18:00). Antzuolarrek lau puntu batu dituzte, eta bi gutxiago dituzte Idiazabalgoek.

Leintz Arizmendi, lider

Emakumezkoetan, berriz, Leintz Arizmendiko neskek lau partiduak irabazi dituzte, eta lehenengo postuetan daude jada; Zarautzen jokatuko dute zapatuan (15:30). Bergarak, berriz, Zumaian jokatuko du domekan (16:00).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak