Procés-aren aurkako epaiari erantzunez plazaratutako manifestuarekin bat egin dute Goienako langileek

Goiena 2019ko urr. 18a, 14:15

Askatasuna. Konponbide politikoaren alde lelo hartuta Euskal Herriko hainbat eragilek Kataluniako Proces-aren aurkako epaiari erantzuteko aurkeztutako manifestuari babesa agertu diote Goiena Komunikazio Taldeko langileek.

Gure Esku herri dinamikak sustatutako manifestuarekin bat egin dute Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikaletako ordezkariek eta alor anitzetako zenbait pertsona esanguratsuk, baita Goiena Komunikazio Taldeko langileek ere.

Manifestua osorik

Hona hemen Askatasuna. Konponbide politikoaren alde manifestua:

"Lehenik eta behin, gure desadostasun osoa adierazi nahi diogu Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistak zigortzen dituen epaiari. Zintzotasun osoz, bidegabekeria itzela deritzogu Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiari. Eta, gainera, uste osoa dugu epai honek ondorio larriak dakartzala oinarrizko eskubide eta askatasunentzat.

Prozesu judiziala bera ere ez da justua izan; aitzitik, arbitrariotasunez beteta izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da,  eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu dira, Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi Arbitrarioei buruzko lan taldeak salatu duenez. Hain zuzen, presoak askatzeko talde honek egindako eskaerari muzin egin zaio.

Bidegabekeria honen aurrean, preso guztien askatasuna aldarrikatzen dugu. Jordi Cuixart, Oriol Junqueras, Jordi Sànchez, Carme Forcadell, Jordi Turull, Raül Romeva, Dolors Bassa, Josep Rull eta Joaquim Forn aske nahi zaituztegu. Epai honen ondorio larriak zuzenean pairatu behar dituztenei eta haien senideei gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu.

Zigor epai honetan, kezkaz antzematen ditugu manifestazio eskubidearen, adierazpen askatasunaren, protestarako eskubidearen, bozkatzeko eskubidearen, autodeterminazio eskubidearen eta erabakitzeko eskubidearen kriminalizazio zantzuak. Erabat onartezina da. Demokrazian ezin dira kriminalizatu mobilizazio demokratiko eta baketsuak, ezta disidentzia politikoa ere. Demokrazian, bozkatzea ezin da delitu izan, konponbidearen parte baizik.

Salbuespenezko bide judizial, juridiko edo prozesalak alde batera utzi behar dira. Elkarrizketa eta negoziazio politikoari ekin behar zaio auzi hau bideratzeko. Konponbide demokratikoaren alde egin behar da, Kataluniako herritarrek euren etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izatea aintzat hartuta. Premiazko eginkizuna da.

Gure ustez, elkartasuna, askatasun demokratikoen eta eskubide zibil eta politikoen defentsa, bide errepresiboekiko arbuioa, eta herritarrek demokratikoki adierazitako borondatea oinarri duen konponbide politikoaren aldeko jarrera, gure gizartearen gehiengo zabalak partekatzen dituen oinarriak dira. Uneotan, ahalegin bereziz defendatu eta sendotu beharrekoak.

Egoeraren larritasunak interpelatu egiten gaitu demokrazia, justizia eta askatasunak maite ditugun guztiok, gure aukera ideologikoetatik harago. Horregatik, injustizien aurrean herritarren mobilizazioan sinesten dugu eta, kasu honetan, babesten dugu Gure Eskuk deituriko manifestazioa, Erreferenduma ez da delitu | Askatasuna lelopean, urriaren 19an Donostian egitekoa dena".

Goiena Komunikazio Taldeko langile hauek sinatuta:

  • Oihana Elorza
  • Iban Arantzabal
  • Oihane Agirre
  • Ines Arano
  • Agurtzane Gainzarain
  • Maialen Santos
  • Miren Ibabe
  • Garazi Azpeitia
  • Aitor Lagoma
  • Jagoba Domingo
  • Arantzazu Ezkibel
  • Amaia Mundiñano
  • Mireia Larrañaga
  • Iñaki Iturbe
  • Jokin Bereziartua
  • Txomin Madina
  • Leire Iria
  • Imanol Beloki 
  • Markel Arrayago
  • Nekane Muñoz 
  • Eneko Azkarate
  • Igor Gonzalez
  • Sergio Azkarate
  • Amaia Aranegi
  • Aitor Agiriano
  • Igone Osinaga
  • Jone Olabarria
  • Jone Inuntziaga
  • Josu Bilbao
  • Goiatz Arana
  • Ziortza Martin
  • Maider Arregi
  • Xabi Urzelai
  • Maialen Regueiro
  • Xabi Gorostidi
  • Mirari Altube
  • Ane Berezibar
  • Itziar Larrañaga
  • Nerea Artola
  • Eneko Azurmendi
  • Imanol Soriano
  • Mireia Bikuña
  • Aitziber Aranburuzabala

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak