Katxalin, bularreko minbizia dutenen alde

Maialen Santos 2019ko urr. 18a, 12:25

Bergarako Katxalin elkarteko kideak, udaletxean lazoa jartzen

Bihar, urriak 19, izango da Bularreko Minbiziaren Munduko Eguna, eta gaitza pairatzen duten emakumeak "sentsibilizatzeko, babesteko eta laguntzeko" helburuarekin abiatu dute bularreko minbiziak eragindako pertsonen aldeko kanpaina. Gaitzari buruzko jardunaldia eta ibilaldi solidarioa antolatu dituzte datozen egunetarako. 

Kanpainaren aurkezpenean, Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak aitortza egin nahi izan dio Katxalin elkarteari, urteak daramatzalako emakumeei "laguntza eskaintzen"; gaixotasunaren ikuspegi positiboa eskaintzen eta erasandako emakumeen bizitza kalitatea hobetzen, hain zuzen ere. Katxalin elkarteko lehendakari Txaro Beobidek, berriz, adierazi du gizarte osoaren zeregina dela minbiziak eragindako emakumeei "laguntza soziala" eskaintzea.

Horretaz gain, Nekane Murga Osasun sailburuak itxaropen mezu bat bidali nahi izan die bularreko minbizia pairatzen duten emakumeei, eta biziraupenak "gora" egiten diharduela gogoratu nahi izan du, Euskadiko Minbiziaren Erregistroak jasotako datuen arabera. Hain zuzen, Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa martxan jarri zenetik –1995ean– 9.916 minbizi detektatu dira, gehienak fase goiztiarretan. Eta biziraupen tasei dagokienez, 2000. urtetik 2012. urtera igotzen joan zen biziraupen tasa –2018an egindako ikerketetan ateratako datuak dira horiek–.

Bergaratik elkartasuna

Kanpainaren baitan, minbiziak eragindako emakumeei keinu egiteko ekitaldiak antolatu ditu Katxalin elkarteak, eta bi hitzordu nagusi izango dira: hilaren 24an, bularreko minbiziari buruzko jardunaldi bat egingo dute Onkologikoan; eta hilaren 27an, lau kilometroko ibilaldi solidario batek hartuko ditu Donostiako kaleak.

Elkarteak Bergaran duen ordezkaritzak ere elkartasuna adierazi nahi izan die gaitza gertutik bizi duten emakumeei, eta eskuz egindako lazo arrosa zintzilikatu dute herriko udaletxean. "Elkarlanean egindako lana izan da, sufritutako guztia lazoaren barruan sartu nahi izan dugu", azaldu du Maite Valle elkarteko kideak. Hori gutxi balitz, aldarrikapenak egiteko ere baliatu nahi izan dute lazoa: "Ikerketan aurrerapenak" eskatzeko, hain zuzen. Valleren aburuz, "gizarte osoak" hartu beharko luke minbizia duten emakumeak laguntzeko konpromisoa.

Herrirako ekintzarik antolatu ez badute ere, Gipuzkoan antolatu diren ekintzetan parte hartzera animatu gura dute jendea, eta, horretarako, autobusak antolatu dituzte 27ko ibilaldi solidariora joateko. Izena eman daiteke Martin Agirre parrokia-etxean, Alkabieta kalean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak