Kataluniarrei elkartasuna adieraztera deitu dituzte ikasleak zein langileak

Mirari Altube Arrese 2019ko urr. 17a, 15:01

Ikasleek geldialdiak egin dituzte gaur, eguena, eta elkarretaratzeak ere bai Ernaik deituta. Bihar, urriak 18, ostera, sindikatuek deituta –ELA, LAB, STEILAS, ESK, Etxalde eta Hiru– langileak aterako dira kalera, besteak beste, osasungintzan, hezkuntzan zein industrian dihardutenek.

Erreferenduma ez da delitua leloarekin deitu dituzte elkarretaratzeak eta lantokien aurrealdean elkartuko dira.
 
Debagoienari dagokionez besteak beste ekimen honetan parte hartuko dute: Debagoieneko ospitalea (10:30), Bergarako, Antzuolako, Eskoriatzako eta Oñatiko udaletxeetan (12:00) eta Arrasatekoan (12:15). Eta hainbat enpresatan, Garay, Arcelor, Elay, Chinchurreta, Polmetasa. Oñatiko Errekalde Herri Eskolako irakasle talde batek ere bat egin du deialdiarekin eta 16:30ean elkartuko dira ikastetxearen kanpoaldean.

 

Manifestaziorako deia

Procès-aren aurkako "epai bidegabeari" erantzunez manifestu bateratua plazaratu dute Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikaletako ordezkariek eta hainbat alorretako pertsona esanguratsuk. "Presoen askatasuna" aldarrikatu, konponbide politikoaren premiaz ohartarazi eta zapaturako Gure Eskuk deitutako manifestazioari babesa agertu diote. Hala, Askatasuna. Konponbide politikoaren alde manifestua aurkeztu dute gaur Donostiako Kursaalen.
 
EAJ, EH Bildu eta Ahal Dugu alderdiek bat egin dute manifestuarekin, baita ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek eta Demokrazia Bai plataformak eta Erabakizaleak abokatuen elkarteak ere. Eragile horietako ordezkariez gain, bertan izan dira kultura arloko erreferenteak ere: Antton Telleria, Pilar Kaltzada, Danele Sarriugarte, Xabier Euzkitze eta Garbiñe Ubeda. Beste hainbatek, ostera, atxikimendua adierazi diote aurkezpenean egoterik izan ez badute ere: Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Bernardo Atxaga, Asier Illarramendi, Jule Goikoetxea, Paul Rios, Iker Irribarria, Fermin Muguruza, Irantzu Varela, Juantxo Arakama, Miren Amuriza, Alex Sardui, Pello Reparaz eta Zuriñe Hidalgo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak