Eskolako materiala banatu die Gurutze Gorriak 96 haurri

Eneko Azurmendi 2019ko urr. 17a, 14:29

Bukatutzat eman dute irailean eta urrian zaurgarritasun egoeran dauden familiei laguntzeko egindako kanpaina.

Debagoieneko Gurutze Gorriak bukatutzat eman du eskola materialaren kanpaina –irail eta urri artean egina–, eta zaurgarritasun edo bulnerabilitate egoeran dauden familien haurrei eta gazteei 96 eskola-material sorta banatu dizkiela jakinarazi du.

Gurutze Gorriak jakinarazi duenez, banatu dituzten sorta guztiek motxila, koadernoak eta estutxe osoa zituzten –margoak, boligrafoak, arkatzak, gomak...–, besteak beste. Sortak osatzeko orduan, gainera, haurren eta gazteen adina eta ikasturtea hartu dituzte kontuan.

45 eskaerari erantzuna

Debagoieneko gizarte zerbitzuen eta Debagoieneko Gurutze Gorriaren elkarlanari esker, 45 familiaren eskaerei erantzun ahal izan diete. "Kanpainan parte hartzeko, gizarte zerbitzuek familiekin esku-hartzea izan behar zuten eta hauek matrikulatutako seme-alabak izan behar dituzte Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntzan, batxilergoan edo erdi/goi mailako moduluetan".

Udal bakoitzetik jaso dituzten eskaera guztiei erantzun ahal izan dietela aitortu dute. Hauek dira izan dituzten eskaera kopuruak, herriz herri: Antzuolan, bi eskaera izan dituzte; Aretxabaletan, hogei; Eskoriatzan, zazpi; Bergaran, 39; Elgetan, bat; eta Oñatin, 27.

Esker mezua guztiei

Bukatzeko, kanpainan parte hartu duten herrietako gizarte langileei haien lana eskertu nahi izan die Debagoieneko Gurutze Gorriak: "Denbora gutxi izan dute familiei abisatzeko, eta kanpaina oso bizkor eta oso ondo kudeatu dute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak