Ikuspegi feminista sustatzen jarraitzeko ekintzak asteburuan

Mirari Altube Arrese 2019ko urr. 11a, 12:44
Martxoaren 8an Herriko Plaza beteta.
Aretxabaletako eta Eskoriatzako emakumeen topaketa bideratzeko kultur ekitaldiak antolatu dituzte astebururako: bertso musikatuak izango dira gaur, egubakoitza, Zaldibar antzokian, eta sendabelarren gaineko ikastaroa eta Nomofobikak antzezlana bihar, zapatua, Arkupen.
Aretxabaletako eta Eskoriatzako udaletako emakume langileek bat egin zuten martxoaren 8rako deitutako grebarekin, egun horretan eskatutako konpromisoari erantzunez. Orduko soldata zatia ere borrokarekin jarraitzera bideratu gura dute eta langileek elkarrekin adostutako prentsa-oharrean hala adierazi dute:  "Konpromiso politiko horrekin jarraitzeko egin genuen greba eta diru hori herrira bueltatzea nahi dugu. Alde batetik, herriarekin ospatu eta guztiok batera hausnarketa prozesua jarrai dezagun. Eta bestetik, gure egunerokotasunean ikuspegi feminista inplementatu eta sustatzen jarraitu nahi dugulako martxan jartzen ditugun proiektu guztietan".
 

Kultura ardatz topaketan

Hainbat ekimen antolatu dituzte aste bukaerarako emakumeen arteko sareak osatzeko, eta era berean, emakumeen ikusgaitasuna agerian uzteko. Horregatik, emakumeak izango dira oholtzan antolatutako kontu guztietan. Gaur, egubakoitza, Ez da kasualitatea bertso saio musikatua eskainiko dute Eskoriatzako Zaldibar antzokian (19:00). Malen Amenabar Larrañaga, Nerea Ibarzabal Salegi eta Oihana Bartra Arenas bertsolariak izango dira Gari Otamendi Arrieta eta Araitz Bizkai Villanueva musikariek lagun eginda, eta aurkezle lanetan jardungo du Maite Berriozabalek.
 
Zapatuan, ostera, sendabelarrak ezagutzeko saioa egingo dute Arkupen (09:00) Ekoudalatx elkartekoek gidatuta: "Mendi buelta izango da lehenengo eta gero, praktikan jarriko ditugu gure emakume arbasoen ezagutzak. Bakoitzak prestatutakoa, gainera, etxera eroango du", adierazi dute. Iluntzean, ostera, Amaia Lizarralde eta Olatz Beobide protagonista dituen Nomofobikak: Sarean kateaturik antzezlana izango da, hau ere Arkupen (19:00). 
 
Antolatutako ekintzetara herritar guztiak gonbidatu dituzte: "Aretxabaletako eta Eskoriatzako udaletako emakume langileok ekimen horietara joateko deia luzatzen dizuegu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak