Itsutasuna bistaratzea helburu daukan jaialdia, urriaren 26an

Eneko Azurmendi 2019ko urr. 11a, 09:55
Ibon Casas, klaketa bat eskuetan duela. Argazkia: DameTVision.

Errebeldeak Blind Rock Festival jaialdiaren lehen edizioa egingo dute Arrasaten bi aste barru, eta hiru ardatz izango ditu ekimenak, musika, sukaldaritza eta sentsibilizazioa; azken horren baitan, "manifestazio errebeldea" egingo dute, 19:00etan hasita.

Jaialdiaren helburua bat eta bakarra da: itsutasuna bistaratzea eta gizarteratzea. Traol bat sortu dute horretarako, #seciegoporundia izenekoa (izan zaitez itsu egun batez). Ibon Casasek sortutako DameTVision irabazi asmorik gabeko elkartea da ekimen hau antolatu duena, Arrasateko Udalarekin eta Ibai-Arterekin elkarlanean.

Jaialdiak hiru ardatz nagusi ditu: alde batetik, musika dago. Egun osoan zehar Arrasateko talde ezberdinen kontzertuak egongo dira herriko kaleetan zehar. Gero, 20:00etan hasita, Ibon Casasen musika taldearen emanaldia egongo da, Ibon Casas And The Blind Rock Band, eta baita Leioako Herio taldea ere. "Bi talde hauek duten berezitasuna da talde bakoitzean bi musikari itsu daudela", azaldu du Maria Jose Acevedok, Casasen coach eta jaialdiko prentsa arduradunak. Kontzertu nagusia, aldiz, Def Con Dos talde madrildarrarena izango da, 22:00etan.

Bigarren ardatza sukaldea izango da, eta dastaketa bat egingo dute, patatak errioxar erara prestatuta. "Hau antolatzen du Angel Palacios sukaldari itsuak zuzentzen duen Logroñoko talde batek, Cocinar A Ciegas izenekoak. Duela hainbat urte jarri zuen martxan ekimen hau, eta helburua da pertsona itsuei kozinatzen irakastea. Beraz, jende itsua etorriko da berarekin kozinatzera, eta jende garrantzitsua ere etorriko da. Esaterako, Begoña Rodrigo, Top Chef programaren lehen edizioko garailea; Xabi Gutierrez, Arzak jatetxeko I+G saileko arduraduna; Bilbon hainbat jatetxe dituen Hung Fai sukaldaria, eta abar".

Hirugarren ardatza, eta "garrantzitsuena", sentsibilizazioa da, eta, honen baitan, manifestazioa egingo dute, 19:00etan. "Itsutasunaren aurkako munduko lehen manifestazio errebeldea" izango da. "Arrasateko jendeak eta kanpotik datozen guztiek manifestazioan parte hartzea gura dugu. Bikoteka jarrita, bat begiak itxita joango da eta besteak gidari lanak egingo dizkio, eta alderantziz, jendea itsu baten azalean jar dadin". Manifestazioa bukatu ostean, itsutasunaren inguruko hausnarketa bat egingo dute, Acevedok berak gidatuta.

Dokumentala, martxan

Ibon Casasen bizitza ardatz duen dokumentalaren grabaketak hasiak dituzte dagoeneko, Axel O'Mill ari da zuzendari lanetan, eta urriaren 26an grabaketa lanetan ariko dira. "Manifestazioan oso interesatuta daude, beraz, hemendik dei egin nahi diegu guztiei manifestazioan parte hartzeko, emozio handiko momentuak biziko dira eta".

Transmititu gura duten mezua da "gizartean dagokien lekua" hartu dezatela itsuek. "Horretarako, ahalik eta parte-hartze handiena lortu gura dugu, mezua zabaldu dezagun guztion artean, eta denboran iraungo duen hausnarketa bat izan dadin. Jende asko dago itsu geratzen ari dena, baina jende horrek aurrera egiten du euren bizitzarekin. Non nahi ditugu itsuak, etxean sartuta ala kalean, gauza eta ekintza ezberdinak egiten? Ibon Casas horren adibide ona da. Etxean geratu ordez, ekintzailea da, eta ez da geratzen sekula. Eta hori da helarazi gura duguna", dio Acevedok.

Arrasate, herri kuttun

Ibon Casas donostiarra da izatez, baina kupoiak saltzen aritu izan zen hainbat urtez Arrasaten, eta berari "asko" gustatzen zaion herria da. "Arrasateko jendeari maitasun berezia dio, eta oso oroitzapen onak gordetzen ditu. Beraz, jaialdi hau Arrasaten egitea erabaki dugu, eta udaletxearen oniritzia jaso dugu hasieratik. Lehen aldia izango da aurtengoa, baina asmoa da urtez urte errepikatzen joatea", azpimarratu du coach-ak. "Etorri Arrasatera eta izan zaitez itsu egun batez", bukatu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak