Kargua ilusioz eta arduraz hartu duela adierazi du Lazkanok, Uemak jaso duenez. Azken agintaldian Uema sendotzeko egin den lana nabarmendu du eta urrats berrien garaia dela adierazi: "Sendo dagoen erakunde baten gidaritza hartu dut, udalerri euskaldunen garrantzia lehen lerrora eramatea lortu baitu Uemak. Dena dela, euskararen normalizazioan jauzi kualitatiboa emateko eta urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek. Horretarako, ausardia, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak dira".
Herri txikien garrantzia nabarmendu gura izan du Lazkanok. "Udalerri euskaldunen garapenaren inguruko hausnarketa sakona egin du urte hauetan Uemak, beste hainbat eragilerekin batera. Udalerri euskaldunei bizirik eusteko ezinbestekoa da udalerri euskaldunak garatzea, eta herri txikiek lurralde garapenean duten egitekoa eta garrantzia oso kontuan hartzea. Lehen egunetik aipatu nahiko nuke ildo honetan ere bidea egiteko beharra, herri txikien izaerari eusteko eta euskarari arnasa ematen segitzeko".
Zuzendaritza batzordean Aramaioko alkatea
Ueman ordezkaritza duten alderdi nagusiek adostasunez onartu izana lehendakaria, lehendakariordea eta zuzendaritza batzordea azpimarratu du Lazkanok. "Ardura eta erronka handia da Uemaren lehendakari postua, baina zuzendaritza batzordea izango dut lagun. Kultura politiko ezberdinetako kideak daude ordezkatuta bertan, eta hori ere nabarmendu nahiko nuke. Azken batean, aurrera egingo baldin badugu, elkarlana ezinbestekoa baita. Elkarlana alderdien artean, noski. Baina baita erakunde publikoen, herritarren eta euskalgintzaren artean ere".
Zuzendaritza batzordea honako hauek osatuko dute:
- Iraitz Lazkano, lehendakaria (Elgetako alkatea. EH Bildu)
- Aritz Abaroa, lehendakariordea (Bermeoko alkatea. EAJ).
- Lierni Altuna (Aramaioko alkatea. EH Bildu).
- Jone Ansotegi (Aulestiko alkatea. EH Bildu).
- Xabier Balerdi (Tolosako zinegotzia. EAJ).
- Aitor Elexpuru (Berako alkatea. EH Bildu).
- Illart Gumuzio (Igorreko alkatea. EH Bildu).
- Beatriz Muro (Aresoko zinegotzia. Independentea).
- Nerea Odriozola (Zestoako zinegotzia. EH Bildu).
- Joseba Palenzuela (Mutrikuko alkatea. EH Bildu).
- Irune Urbieta (Zarauzko zinegotzia. EAJ).
86 udalerri dira Uemako kide egun, eta batzarrean, Bergarako alkate Gorka Artola eta Antzuolako alkate Beñardo Kortabarria ere izan dira, besteak beste.