Jon Odriozola: "Gure helburu guztiak sobera bete ditugu"

Xabier Urtzelai 2019ko urr. 2a, 13:30
Jon Odriozola (Euskadi - Murias taldeko manager orokorra) Imanol Estevez eta Mikel Iturriarekin, taldearen lehen eta azken garaipena lortu zituzten txirrindulariak, 2016ko Volta ao Alentejon eta 2019 Espainiako Vueltan.

Euskadi Murias taldetik Jon Odriozolari egindako elkarrizketa hau helarazi dute. Oraingoz, Oñatikoak komunikabideen aurrean egingo duen agerraldi bakarra izango da. Bertan, Oñatikoak Euskadi Muriasen desagerpenaren gaineko balorazioa egiten du, eta etorkizunera begira ere jartzen da. 

Nola sentitu duzu Murias Gruporen parte-hartzea taldean?

Eskerrak eman nahi dizkiet Paulino Barrenetxea eta Alberto Unanuari, proiektu hau bultzatu izanagatik, bai eta Javier Lasagabasterreri ere, berarekin azken urteetan hurbiltasun handiz lan egin dut eta. Murias Grupo osatzen duen familia osoari eskerrak eman nahi dizkiot, euskal txirrindularitzarentzat hain zaila zen unean apostu hau egiteagatik eta aurretik aipatutako helburu guztiak lortzen laguntzeagatik. Murias Gruporen babesarik gabe guzti hau ezin izango litzateke posiblea izan.

Nola bizi izan duzu taldearen amaiera?

Taldeak jarraituko ez zuela jakin ondoren, lehen momentuak oso gogorrak izan ziren. Hasieran inpotentzia handia sentitu nuen, baina antolatzaileen, zaleen, kazetarien eta abarren mezuak jaso eta gero, aho-zapore onarekin gelditu nahiz. Ruben, Muriel eta Francis-ei ere eskerrak eman nahi dizkiet, bai eta urte hauetan Euskadi – Muriasen lan egin duten langile eta txirrindulari guztiei ere. Lortu dugun guztia guztion lanari esker lortu dugu.

Nolakoa izango da zure etorkizun pertsonala?

Iturriak Urdaxen lortutako garaipenaren ostean kazetari bati honakoa esan nion: lortutakoaren ostean proiektu hau hazten jarraitzeko babes gehiago lortzeko gai ez banintzen, hobe nuke Urbian artzai lanetan ibiltzen hastea. Txantxak alde batera utzita, argi daukat hau puntu eta jarrai bat dela. Behin Euskadi – Murias taldearekin helburu guztiak beteta, gaur bertatik taldearen oinarrizko ideiak garatuko dituen proiektu berri batean hasiko naiz lanean, Europa mailan harrobian oinarritutako talderik onena sortzeko helburuarekin. Irmoki sinesten dut harrobia landuko duen talde europear batentzat lekua badagoela eta hurrengo hilabeteetan proiektua garatzen ahaleginduko naiz. Uste dut egin dugun guztia ereitea izan dela eta etorkizuna idazteke dago. Mundu mailako txirrindularitzan lanean jarraituko dut.

Nola ikusten duzu txirrindularitzaren etorkizuna?

Orain bertan badirudi aukera bakarra World Tour mailako talde bat sortzea dela eta talde kontinental profesionalek eta harrobian oinarritutako taldeek dituzten arazoak oso handiak dira, baina uste dut guzti hau aldatuko dela. Txirrindularitzan taldeek ez dituzte telebista eskubideen dirurik jasotzen eta ez dago sarreren dirurik, beste kiroletan bezala. Uste dut harrobi-lana egiten duten taldeek formakuntza eskubideen dirua jaso beharko lituzketela, bai eta beste diru-sarrera batzuk, publizitatearen arloan. Horrela bakarrik izango dira bideragarriak harrobian oinarritutako proiektuak.
 
Beste kiroletan pauso handiak eman dira arlo hauetan eta osagarritasuna lortu dute talde handien eta harrobi taldeen artean. Helburuak azken hauen iraunkortasuna lortzea izan behar du.

Zer mezu bidaliko zenieke zaleei?

Egoera zail honen aurrean, inpotentzia sentsazioa handia izan da, baina ehundaka mezu jaso eta gero benetan lortu dugunaz konturatu naiz  eta eskerrak eman nahi dizkiet mezu hauek bidali dizkidaten guztiei. Niretzat bizipen sinestezina izan da Europako hainbat hirietan nola animatu gaituzten ikustea. Uste dut jaso dugun elkartasun guztia gure umiltasunagatik eta lasterketetan erakutsi dugun ausardiagatik izan dela. Euskal zaleei bereziki itxaropen mezua bidali nahi diet etorkizunari begira. Euskadi – Muriasek, lehen esan dudan bezala, hainbat fruitu emango dituen hazia erein du eta, batez ere, duela urte batzuk euskal txirrindularitzak jasandako zurztasuna konpondu zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak