Harrituta nago. Ze ona zentzu guztietan"; "Gogorra da oso, gerra zibilaren beste ikuspegi bat erakusten digu"; "Aktoreak oso onak dira"; "Hunkituta, negarrez atera naiz aretotik". Halako iritziak jaso zituen Donostia Zinemaldian GOIENAko berriemaile Imanol Gallegok, domekan, La Trinchera infinita filma ikustera joan ziren ikusleen artean.
Aurpegi ezagunen iritziak ere jaso zituen: Imanol Uribe zine zuzendariak "zoragarria, oso ona iruditu zait, aparta!" zioen; bide beretik erantzun zuen Nagore Aranburu aktoreak: "Ikaragarri gustatu zait, oraindik hunkituta nago, denak bezala"; "Ederra, oso ona", gaineratu zuen Telmo Esnal zuzendariak.
SARIRIK JASOKO DUTEN EZ DAKITEN ARREN, DEBAGOIENEKO ZUZENDARIAK POZIK DAUDE HARRERAREKIN
Txalo zaparrada handiak jaso zituen Moriarti-koek egindako lanak ikusleen artean. Aitor Arregiren esanetan, horrek ez du bermatzen epaimahaiaren iritzia bera izango den: "Inpresioak onak dira, uste dugu filma gustatu dela, ikusle asko gerturatu zaizkigu zoriontzera. Kazetarien artean ere ikusten dugu, orokorrean, gustatu dela; beraz, zer gertatuko den jakin barik, filma Zinemalditik indartuta aterako dela sentitzen dugu".
Kinielak egitea, zaila
Iritzi berekoa da GOIENAko berriemailea, sarritan ez direla bat etortzen ikusleen iritziak eta epaimahaikideen erabakiak: "Moriartikoek sariren bat jasotzeko aukerak dituztela uste dut, baina egia da, oso gauza potenteak ikusi ditugu Sail Ofizialean, askotarikoak, oso ezberdinak; batzuk aipatzearren, adibidez, Próxima, The other lamb, Mano de obra eta A dark-dark man. Sail Ofizialeko sariez gain, askotariko gehiago banatuko dituzte biharko galan –20:30–; horien artean, euskal ekoizpenak saritzen dituen Irizar saria; La trinchera infinita filmaz gain, Asier Altunak eta Telmo Esnalek zuzendu duten Agur, Etxebeste! eta Iban del Camporen Glittering Misfits ere lehian dira.
'Agur, Etxebeste!'-rekin, barre
Martitzenean egin zuten Euskal Zinemaren Galan, Zinemira saria jaso zuen Txepe Lara ekoizleak, urte askoan lankide izan dituen Asier Altunaren eta Telmo Esnalen eskutik, eta ondoren eskaini zuten etxebestetarren istorio berriak jasotzen dituen filma. "Denborak hobetu egin du filma eta baita zuzendarien lan egiteko modua ere", dio Gallegok, eta bide beretik erantzun zuen ikusleen artean zen Iñigo Urkullu lehendakariak: "Pasadizo oso barregarriak ditu; oso ondo pasatu dut. Polita eta erakargarria da".
Gaur, egubakoitza, zinema areto komertzialetan estreinatuko dute; asteburuan, Bergaran eta Arrasaten eskainiko dute.
"Negozioetarako egunak"
Arrasatearraren Glittering Misfits lanak ere aretoak bete ditu: "Oso ondo saldu dira sarrerak eta zoriontzera jende asko etorri zait. Bilera asko egin ditut, filma atzerriko jaialdietara eta areto komertzialetara ere eramatea lortzeko asmoarekin".