Aizkorri-Aratz parkean sutea eragin zuelakoan gizonezko bat epaitzen dabiltza

Mirari Altube Arrese 2019ko ira. 23a, 17:35

Baso sute bat.

Abeltzain bat dabiltza epaitzen Donostiako epaitegian Aizkorri-Aratz parke naturalean, Gipuzkoa eta Araba arteko lurretan, sutea eragin zuelakoan 2015eko abenduaren 28an. Gizonezko hori, gainera, baso-suteak itzaltzen jarduten duen boluntario taldeko kidea da.

Epaiketa gaur, astelehena, hasi da eta eguaztena arte iraungo du. Akusatuak ukatu egin du surik isiotu zuenik, eta hori berretsi du esanaz gertaera egunean baserrian zegoela gaixo, sutearen lekutik ordubetera. Gaineratu du, basoko lanetarako -baita sua erabili behar izanez gero ere-, beti eskatu izan duela baimena, eta ezkutuan ibili beharrik ez duela izan.

Bi hektarea eta erdi erreta

Orain dela ia lau urte parkean izandako sute hark bi foku izan zituela argitu dute ikertzaileek eta bi hektarea eta erdi erre ziren. Hura itzaltzeko joan behar izan zuten hiru suhiltzaile kamioik, Aldundiko basozain batek, baso-suteak itzaltzen dituen taldeko sei boluntariok eta motoponpa kamioi batek. 

Fiskalaren esanetan motoan joan zen Elgeako mendilerrora bidean dagoen ezkerreko hegalera eta sua eman hari pizgailu batekin. Ondoren, handik 3 kilometro ingurura aldendu zen beste sute bat pizteko asmoarekin, Eskoriatzako Bolibar elizatean dagoen pistatik gertu. 

Hiru lekuko ere deitu dituzte deklaratzera. Horiek adierazi dute sute egunean motoan zebiltzala mendian eta kea ikusita gerturatu egin zirela. Han ikusi zutela gizonezko bat, moto baten alboan, sua eman nahian sasiei, eta horrek alde egin zuela orduan, modu txarrean.

Bestetik, ikerketan parte hartu zuen ertzainak adierazi du sutea nahita sortutakoa izan zela. Gaineratu du, Leintz Gatzagako telefono mugikorren antenari esker han kokatzen dutela gizonezko hori. Bihar jarraituko du epaiketak froga gehiagorekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak