Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak 100.354 euroko laguntza emango du Debagoieneko kultur ondarea zaharberritzeko eta sendotzeko. Hala iragarri du gaur. Onartutako proiektuen artean sei daude.
Aretxabaletako Ardantza baserriaren teilatua eta egitura zaharberritzeko, 47.235 euroko laguntza emango du. "Baserri horren teilatua oso interesgarria da eta ondare balio handia du", adierazi dute Aldundiko ordezkariek.
Arrasateko Iturrioz kaleko 9. zenbakiko eraikinaren teilatua konpontzeko 10.376 euro bideratuko dituzte, eta Okendo jauregiaren teilatua konpontzera 17.363 euro; eraikin hori barroko estilokoa da, XVII. mendekoa.
Bergarari dagokionez, 7.275 euro emango dituzte Bidekurutzeta kaleko 15. zenbakiko fatxada zaharberritzeko, eta 16.715 euro Intxuzabal baserriaren teilatua konpontzeko.
Eta Eskoriatzako Udalak 1.390 euro jasoko ditu Ibarraundi museoko objektuak zaharberritzeko.
"Gipuzkoako udalerrietan dugun ondare garrantzitsua babestu gura dugu", adierazi du Denis Itxaso diputatuak: "Kultur balio esanguratsua duten eta kontserbazio, sendotze, errehabilitazio eta zaharberritze ekintzak behar dituzten elementu materialei zuzenduta daude". Ondasun higiezinei dagokienez, lehentasuna izango dutela egitura sendotzeko obrek, teilatuen konponketek, eta ikuspuntu historiko eta artistiko batetik interes berezia duten elementu arkitektonikoen zaharberritzeak gaineratu du.