Eudelen batzordean egongo da Izaro Elorza Oñatiko alkatea

Amaia Zabala 2019ko ira. 19a, 14:13

Izaro Elorza botoa ematen. Argazkia: Barren aldizkaria.

Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) batzorde eragile berria izendatu du gaur, irailak 19, Elgoibarren egin duen batzar orokorrean. Hamabost kidek osatuko dute 2019-2023 legealdirako hautatutako batzorde eragile hori eta Gasteizko alkate Gorka Urtaran izango da elkarteburua.

EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk Euskadiko Udalen Elkarteko (Eudel) batzorde berrirako ordezkariak aurkeztu dituzte, eta horien artean da Izaro Elorza, Oñatiko alkatea: Eudelen Gipuzkoako Lurralde Batzordeko kide izango da, zehazki. Elorzak jakinarazi du "sorpresaz eta ilusioz" jaso zuela albistea. "Neure zein gainerako ordezkarien betebeharrak Gipuzkoako batzordean aztertuko diren gai ezberdinen inguruan gure –EH Bilduko kideon– iritzi eta irizpideak finkatzea eta azaltzea izango da. Konpromisoz jardungo dugu, Eudelek udal jardunari egiten dion ekarpenaz jakitun", azaldu du Elorzak.

Debagoienak Eudeleko batzorde eragilean izango duen ordezkari bakarra izango da Elorza: "Egia esan, herriak dira Eudeleko bazkide, eta, beraz, badute ordezkaritza bat Batzar Nagusietarako. Baina egia da Gipuzkoako batzorderako Debagoieneko herrietatik neu bakarrik noala. Lurralde bakoitzak bere berezitasunak dituelarik, uste dut eskualdearentzat garrantzitsua dela Eudeleko Gipuzkoako batzordean ordezkaritza izatea. Batzordekideak zehaztean, lurralde aniztasun hori aintzat hartu du EH Bilduk".

Lau urterako gobernu-organo berriak

Euskadiko Udalen Elkarteak Elgoibarren egin duen batzar nagusian, 2019-2023 agintaldirako elkartearen gobernuorgano berriak izendatu ditu. Eudeleko 245 udal bazkideek hartu dute parte botazioan, eta, emaitzen arabera, Gasteizko alkate Gorka Urtaran izango da Eudelen elkarteburu. Imanol Landaren eskutik jaso du aginte-makila: "Etapa berriari lehengo gogo berarekin ekin diogu, Udalok Euskadin maila goreneko herri-erakundeak garela eta euskal sistema instituzionalean hitza eta botoa dauzkagula erakusteko asmoz", adierazi du Urtaranek. Horren ondoan izango dira elkarteburu Irungo alkate Jose Antonio Santano eta Azpeitiko alkate Nagore Alkorta.

Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea boto papera sartzen. Argazkia: Barren aldizkaria.

Bergarako zinegotzi Ainhoa Lete bozkatzen. Argazkia: Barren aldizkaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak